Gizonetan Jon Gisasola mallabitarra arituko da, beste bost lehiakidegaz batera: Oscar Aguas eta Paulo Azpiazu nafarrekin, eta Xabat Olaizola, Mikel Lopetegi 'Urra' eta Iraitz Arruti gipuzkoarrekin. Denek lau harri jaso beharko dituzte: 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko errektangularra. Lopetegi da irabazteko faborito nagusia, azken sei urteetako txapelduna, eta bere atzetik, Azpiazu. Horiek biak "mailatxo bat gorago" daudela uste du Gisasolak eta hirugarren postua du helburu.
Emakumeetan lau kintopeko arituko dira; hau da, 21 urtez azpikoak dira denak. Euretariko bat Goizeder Abendibar mallabitarra da. Beragaz batera, Udane Ostolaza, Maddi Guesalaga eta Olaia Esnaola gipuzkoarrak arituko dira. 50 kiloko harri bigaz lan egingo dute. Guesalaga eta Esnaola dira irabazteko hautagai nagusiak.