Abadiñon eraikiko den egoitzaren irisgarritasuna eta aparkalekuentzako eskaintza hobetzeko arau subsidiarioak moldatu dituzte

Anboto 2024ko aza. 12a, 12:56

Abadiñoko Udalak moldaketa garrantzitsuak egin ditu Arrankurrin egingo den mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitzari begira.

Udaletik jakitera eman dutenez, Zelaieta auzoan aurreikusitako kokalekuak zailtasun handiak ditu irisgarritasunari dagokionez, egoitza Arrankurri eremuaren goiko aldean eraikiko baita. Horrez gain, aurreko legegintzaldian Bizkaiko Foru Aldundiarekin landutako proiektuan ez zela ibilgailuentzako aparkalekurik aurreikusten azaldu dute.

Egoera hori aztertuta, Udalak bidearen malda leuntzeko eta egoitzaren inguruan aparkaleku bat sortzeko lanketa burutu du azken hilabeteetan. Prozesu horretan, bertan aurreikusten den trafikoari buruzko azterketa bat egitea eskatu zion Aldundiari, inguruan izango duen eragina neurtzeko. Gauzak horrela, irisgarritasuna eta aparkalekuentzako eskaintza hobetzeko, arau subsidiarioak moldatzea "beharrezkoa eta ezinbestekoa" zela ondorioztatu zuen udalak. “Arrankurriko goiko aldean kokatuko den egoitza da, eta erabiltzaileak herrigunetik aldenduta egoteaz kezkatuta geunden. Gainera, aparkaleku gehigarririk ez zegoela ikusita, arduratuta geunden Zelaietan gerta zitekeen ibilgailu gainkargarekin", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!