Ainara Arkarazok Urduñako Mendi Lasterketa irabazi du

Anboto 2024ko aza. 10a, 19:26

Arg: Urduñako mendi lasterketa.

Azkorbebeitia eta Azkarraga bigarren sailkatu dira errelebo mistoetako proban.

Ainara Arkarazo mendi korrikalari abadiñarra egundoko denboraldia egiten dabil eta horren erakusgarri da gaur Urduñan lortu duen garaipena. Aurten hainbat bider zapaldu du podiuma: hirugarren sailkatu zen Sorginen Lasterketan (21 km), eta bigarren Ubidestroi (28 km) eta Mañaritik Atxetara (42 km) mendi lasterketetan. Baina gaur, koska bat gorago egin, eta lehenengo postua lortu du Urduñako Mendi Lasterketan.

Probarik gehiena Garazi Abasologaz batera egin du eta helmugan ere elkarregaz sartu dira, eskutik helduta. Lasterketako epaileek Arkarazok irabazi duela erabaki dute. Hala ere, Arkarazok eta Abasolok podiumeko lehenengo postua partekatu dute, eta txapelari ere bien artean eutsi diote. Biek 3.38.48ko denboran egin dituzte lasterketako 33 kilometroak (1.750 metroko desnibel positiboa). Sarah Ugarte sailkatu da hirugarren nesketan (3.51.04). Mutiletan, Mario Granero izan da garailea (2.55.19).

Azkorbebeitia eta Azkarraga bigarren errelebo mistoetan

VII. Urduñako Mendi Lasterketako 33 kilometroak  erreleboka lehiatzeko aukera ere egon da eta Oihana Azkorbebeitia eta Mikel Azkarraga abadiñarrek osaturiko bikotea bigarren helmugaratu da. Azkorbebeitiak lehenengo zatia egin du (17 km), eta Azkarragak bigarrena (16 km). Euren denbora: 3.37.00.  Ion Larburuk eta Leire Etxabek irabazi dute errelebo mistoen proba.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!