Besapean ogia, eta poltsan gazta, ortuariak, eztia zein herriko artisauek egindako produktuak; horixe ikusten da Zelaietan hileko bigarren domeketan. Urtebetetik hona jai giroa izaten da nagusi Txanporta inguruan. Abadiñoko azokara joatea herritar askoren hileroko ohitura bihurtu da. Orain urtebete, azoka hau "herria pizteko" modu bat izan zitekeela esan zioten azokaren sortzaileek ANBOTOri, "auzoa biziberritzeko era bat" izan zitekeela. Eta horrela izan da orain arte. Hilean birritan, ekoizle eta artisauek euren produkturik onenak eskaintzen dizkiete bertaratzen direnei, eta Txanporta ingurua kolorez janzten dute, bide batez. Antolatzaileek azaldu dutenez, apurka-apurka jendeak hileroko ohituratzat hartu du Abadiñoko azokara joatea.
Orain urtebetera arte, Zelaieta inguruan domeka batean jendea erosketa poltsagaz ikustea ia ezinezkoa zen, ogia erosteko aukerarik ere ez zegoen eta. Egoera horri soluzio bat emateko asmoz, herriko ekoizle batzuei zeozer egin behar zela okurritu zitzaien eta domeka honetan urtea beteko da Abadiñon lehenengoz azoka egin zutenetik. "Nik neuk argi nuen horrelako azoka batek erantzun ona izango zuela Abadiñon, eta horrela da. Plaza bete egiten da eta jendea oso gustura ibiltzen da bertan", esan du Aitor Urien artzain eta gaztagileak. "Balorazioa oso positiboa da. Lehenengo ediziotik jendearen erantzuna bikaina izan da. Hasiera-hasieratik oso giro ona sortu da parte hartzen dugun ekoizleon eta herritarren artean. Esker oneko mezu asko jaso dugu eta gu ere oso eskertuta gaude", gaineratu du Hegoi Escudero eztigileak. "Azoka batean jendea poltsagaz ikustea da garrantzitsuena, alegere ikustea; eta jendea erosketak egitera etortzen da Abadiñoko azokara. Horrek poza ematen du", gehitu du Urienek. Azken hileetako ohiturari jarraituta, domeka honetan ere egongo da azoka. Gainera, hile honetakoa berezia izango da. Alde batetik bertako ekoizleak egongo dira, baina baita artisau gonbidatuak ere. Adibidez, Sartagudako piperrak bertan erreko dituzte eta Amillenako kideek jaki bat prestatuko dute ekoizleen produktuekin. Gerbas Kantuko kideek eta Busturiako Kantu Kantariko lagunek azoka girotuko dute. Gainera, azoka egunerako motorrak berotzeko, talde bietako kideek entsegua egingo dute Zelaietako kaleetan gaur arratsaldean. "Herritarrei bertaratzeko deia egiten diegu, bai gaur eta bai domekan ere, giro paregabea egongo da eta", gaineratu du Itziar Larrinaga sortzaileak.