“Harro gaude ekimen hau martxan jartzeaz, gure tokiko saltokiei babesa emateaz gain, garai zail hauetan gehien behar duten familiei arnasa ere ematen dielako”, adierazi du Mikel Urrutia alkateak. "Ahalegin bateratu honekin, Abadiño inklusiboago eta solidarioago batekiko konpromisoa berresten dugu. Bonu bakoitza aukera bat da gure komunitatea indartzeko eta gehien behar dutenei laguntzeko”, gaineratu du Edurne Maguregi alkateordeak.
Erosketa-bonuen banaketa azaroaren 4an hasiko da, eta izakinak agortu arte egingo da. Zelaietan, Muntsaratzen, Mendiolan, Sagastan, Urkiolan, Gazteluan eta Amaiterminen bizi direnak udaletxera joan beharko dute goizez, edo Mediatekara goiz eta arratsaldez. Gerediagan, Traña-Matienan, Lebarion eta Astolan bizi direnak Traña-Matienako udal bulegora goizez, edo Errota Kultur Etxera goizez edo arratsaldez.
Bonuei dagokienez, 5 euroko bonuak izango dira, eta 7 euroko gutxieneko erosketetan truka daitezke. Langabezian dauden pertsonek 12 bonu jaso ahalko dituzte; 1080 eurotik beherako pentsioak dituzten pertsonek, beste 12; 1080 eurotik gorako pentsioak dituztenek lau bonu eta 18 eta 64 urte bitarteko pertsonek 2 bonu.
Abadiñoko Udaletik esan dutenez, bonuak presentzialki eskatu beharko dira. Norbaitek pertsonalki joaterik ez badu, baimena eman ahal izango dio beste pertsona bati horiek jasotzeko, betiere titularrak sinatutako baimen bat eta NANaren kopia bat ematen baditu.
Saltokiei dagokienez, bakoitzak gehienez 1.500 bonu trukatu ahal izango ditu, eta horiek metagarriak dira; beraz, erosketa handiagoetan erabil
daitezke, betiere 7ren multiploetan egiten badira. Hau da, pertsona batek bi bonu gastatu nahi baditu, gutxienez 14 euroko erosketa egin beharko du; hiru bonu gastatu nahi baditu, 21 euro gastatu beharko ditu, eta abar.