Abadiñoko Gaztetxea, 26 urte herritik eta herriarentzat

Maialen Zuazubiskar 2024ko urr. 25a, 12:30

Urriaren 23an, 26 urte bete dira Abadiñoko Gaztetxeak ateak zabaldu zituenetik. Herritik sorturiko gunea izan zen, herriarentzat sortua. Eta orain, mende laurden geroago, Gaztetxeak bizirik jarraitzen du. 

Urteurren eguna eguaztena izan zen arren, asteburu honetan egingo dituzte ospakizunak, hiru eguneko egitarauagaz. Gaur, urriak 25, 17:00etan, txokolatea banatuko dute, eta 18:00etan umeentzako DJa egongo da, DJon. Ondoren, ping-pong txapelketa egongo da. 

Bihar, urriak 26, urtero egoten den bizikleta martxa egongo da. 11:00etan hasiko da, Gaztetxetik bertatik. 14:30ean bazkaltzeko batuko dira, eta 18:00etatik aurrera karropoteoa egongo da. Gauerako kontzertuak antolatu dituzte. 21:00etatik aurrera, Xumel Getxoko laukotea eta Oñatiko Zentzu Okerra taldeko kideak igoko dira Gaztetxeko oholtzara. DJek emango diote amaiera gauari. DJ Mikerinos eta DJ Yiyi arituko dira musika ipintzen. 

Urteurren asteburuari amaiera emateko, Abadiñoko artisauen azoka egongo da domekan, urriak 27. 11:00etatik 14:30era bitartean, Gaztetxe inguruan herriko artisau eta sortzaileen produktuak ikusi eta erosteko aukera paregabea egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!