Zelan batu zarete sokatira taldera?
Miren Zurikarai: Onekak eta biok betidanik ezagutzen dugu sokatira taldea. Tradizio handia du herrian. Taldekideek denbora bat zeramaten taldera batzeko animatzen. Aita Kurutzetako jaietan berriro galdetu ziguten eta orduan erabaki genuen baietz, probatuko genuela.
Unax Azkorbebeitia: Niri familiatik datorkit afizioa. Aita sokatiran ibilitakoa da eta gaur egun anaia dabil. Anaiagaz aritzeak ilusio itzela egiten dit. Eta esango nuke ilusiorik handiena aitari egiten diola gu biok taldean elkarregaz ikusita.
Aholkuak ematen dizkizute?
U.A.: Bai, aitak eta anaiak aholkuak ematen dizkidate eta gustura hartzen ditut. Niretzat laguntza bat dira. Baina ez eurenak bakarrik, entrenatzaileek eta edozein taldekidek emandako aholkuak ere oso baliotsuak dira niretzat.
Beste kirol batzuk probatutakoak zarete?
M.Z.: Txikitan igeriketa egiten nuen, baina orain urte asko utzi nuen.
Oneka Elorriaga: DRTn errugbian ibili nintzen urtebetean.
U.A.: Ni ere errugbian ibilitakoa naiz, DRTn baita ere, lau bat urtez. Orain urte bi utzi nuen, belauneko lesio bategaitik. Meniskoan ebakuntza bi egin dizkidate. Oraindino igartzen dut zeozer lantzean behin. Egia esanda, errugbia uzteak pena handia eman zidan, ikaragarri gustatzen zait eta. Beharbada bueltatuko naiz inoiz, baina orain sokatiran zentratuta nago.
Hilabete daramazue entrenamenduetan. Zelan sentitzen zarete?
M.Z.: Ni neu oso gustura nabil. Kostatzen ari zait, baina normala da, oraindino ikasten nabilelako. Benetan gustura sentiarazten nauena taldeko giro ona da. Hasieratik asko lagundu digute.
O.E.: Nire partetik ere berdin. Ez nekien seguru zer aurkituko nuen, baina probatu egin gura nuen, zelan sentitzen nintzen jakiteko. Kirol gogorra iruditzen zait, baina apurka ikasten nabilela sentitzen dut, eta, taldeko giroa oso ona denez, jarraitzeko asmoa dut.
U.A.: Kirol gogorra da, batez ere hasieran, baina oso polita ere bai.
Kirol bat hutsetik ikastea ez da erraza. Zer da gehien kostatzen zaizuena?
M.Z.: Niri postura mantentzea kostatzen zait; eta indarra zegaz egin behar dudan ikastea. Beti pentsatu dut soka hartu eta indarra egitea zela sokatira, baina ezetz konturatu naiz. Hori baino sekretu gehiago du. Eskuek eusteko balio dute, baina gerriagaz eta hankekin egiten da benetan indarra.
O.E.: Gerria ondo sartu eta handik hanketera egin behar da indarra. Sokatiran hasten zarenean konturatzen zara teknikak ematen duena baino garrantzi handiagoa duela. Taldearen koordinazioa ere oso garrantzitsua da.
M.Z.: Bai, hala da. Bat huts egiten hasten denean dena erortzeko arriskua dago, dominoko piezen moduan. Baina, apurka, hobetzen gabiltzala ikusten dut.
U.A.: Ados nago esandako denagaz. Sokatira sokari tira egitea baino askoz gehiago da.
Plazan ofizialki debuta egiteak ilusioa egiten dizue?
M.Z.: Bai. Oraindino ez naiz prest sentitzen, baina unea heltzen denean ilusioa egingo dit.
O.E.: Abadiñotik kanpora irten, txapelketan zure herria eta taldea defendatu… Polita izango da.
U.A.: Egunen batean munduko txapelketa batean parte hartzea gustatuko litzaidake.