Astelehenean, urriak 28, ekingo diote aurrekontu parte hartzaileen prozesuari. Udaletik esan dutenez, lehenengo fase honetan 16 urtetik gorakoek eta herriko elkarte eta taldeek "Abadiño hobetzeko" proposamenak egiteko aukera izango dute. Azaroaren 18an proposamen guztiak jaso, eta udalak aztertu egingo ditu hile horretan zehar. Behin proposamenak aztertuta eta araudia betetzen dutenak zehaztuta, horiek amaierako bozketara pasatuko dira. Amaierako bozketa abenduan izango da. Abadiñon erroldatutako herritarrek baino ezingo dute eman botoa.
Bozketari dagokionez, atal bi egongo direla azaldu dute gobernu taldeko kideek. Alde batetik, herritarrek 15.000 eurotik beherako proiekturik gustukoena aukeratuko dute. Atal honetan, bozka gehien jasotzen dituzten lehenengo bi proiektuak egongo dira. Bigarren kategoria, 15.000-100.000 euro arteko proiektuena izango da. Hemen ere, proiektu bozkatuena izango da aukeratua. "Baina, esaterako, proiektu bozkatuenaren balioa 60.000 eurokoa bada, beste proiektu bat aukeratuko da 100.000 eurora arteko diru kantitate hori erabiltzeko", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. "Hobekuntza handia egin dugu proiektuak hautatzeko prozesuan, inklusiboak izateko eta proiektu handiak zein txikiak gauzatu ahal izatea bermatzeko", gaineratu du Edurne Maguregi alkateordeak.
Udalak 130.000 euro erabiliko ditu aurrekontu parte hartzaileetarako. "Aurrekontu parte hartzaileen prozesua herritarrak ahaldundu eta udaleko erabakietan zuzenean parte hartzeko tresna garrantzitsua da. Legegintzaldi honetan aurrerapausoak ematen gabiltza alor honetan, eta egitasmo honetarako diru partida %30 igo dugu. Iaz, inoiz baino herritar gehiagok parte hartu zuten, eta aurten urrats kualitatibo bat ematea eta %10eko langara hurbiltzea da asmoa", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.