Progresibotasuna sustatuz ordenantza fiskalak berritzea proposatu dute Abadiñon

Maialen Zuazubiskar 2024ko urr. 22a, 08:59

Abadiñoko Gobernu Taldeak datorren asteko osoko bilkurara eramango du beraien proposamena. Bertan bozkatuko da. 

Abadiñoko Udal Gobernuak ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena egin du. Gobernu taldetik azaldu dutenez, ordenantza fiskal hauek helburu argi bi dituzte; "inor atzean ez geratzea eta udalaren ahalmen ekonomikoa ez murriztea", adierazi dute. Beraz, hori gauzatzeko, progresibitatea bultzatuko dute. "Gure helburua Abadiñoko pertsona guztiek zerbitzu publiko guztiak eskura izatea, eta, aldi berean, horretarako behar diren baliabideak izatea da. Hori progesibotasun-irizpideak aplikatuz lortzen da", azaldu zuen atzoko prentsaurrekoan Mikel Urrutia alkateak.

Hori horrela, hobarien taula bat garatu dute, eta deskontu portzentai desberdinak aplikatuko dituzte etxebizitza batean bizi den pertsona kopuruaren eta urtero sarten den diru kopuruaren arabera. Deskontu horiek hainbat tarifetan aplikatuko dira: zaborretan, estolderian, udalekuetan edo hilerrian, besteak beste. Eta tasaren %95eraino iristen dira. Bestalde, gizarte-bonu bat ere sortu dute, Astolako igerilekuetarako eta herrian eskaintzen diren kultur jardueretarako doako sarrera izateko. 

Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotzi eta alkateordeak esan  zuenez, “oso garrantzitsua da Abadiñon bizi diren pertsona guztiek aukera berdinak izatea. Zailtasun handienak dituzten pertsonei lagundu nahi diegu, eta elkarrekin, elkarri lagunduko diogu abadiñar bakoitzaren ongizatearen alde”. Naiara Bildosola bigarren alkateordeak gaineratu du, “berdintasun hori elkarbizitzatik izateaz gain, udalak ere hori bilatu behar eta gura” duela, “eta horregatik diogu ez dugula inor atzean geratzerik gura”.

Zerga eta tasen aldaketak
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) kasuan, Foru Aldundiak balio katastralak eguneratu dituenez, etxebizitza gehienek %7,25eko jaitsiera izango dute batez beste. Aurten jada %10eko jaitsiera izan dute. Hori orekatzeko, udalak zertxobait igoko ditu balio katastral osoko altuak dituzten higiezinak. 

Estolderian ere aldaketa nabarmena egongo da. Egun edozein pertsona edo enpresak gauza bera ordaintzen du, 2,19 euro hiru hilean behin. Hemendik aurrera, progresibitatea aplikatuta, bakoitzaren ur-kontsumoaren fakturari ehuneko bat aplikatuko zaio eta hortik irtengo da ordaindu beharrekoa. "Gutxi gorabehera 4,5 eurora igoko da etxebizitza bakoitzeko hiruhileko tasa. Uste dugu beharrezkoa dela aldaketa hau egitea. Hala ere, behar gehien duten familiek hobariak izango dituzte ", jakitera eman zuen Mikel Urrutia alkateak. 

Astolako kiroldegiko prezio publikoei dagokienez, hausnarketa "sakona" egin dutela azaldu zuten. "Zerbitzuak urtean 1,1 milioi euroko kostua du eta urteko 300.000 euroko diru-sarrera du. Guztira 800.000 euroko galera bat dago. Gainera, inbertsio handi bat egin da, eta oraindik arazketa-sistema berriztu behar da. Horrez gain, tarifak 2019tik izoztuta daude, eta ordutik KPIaren igoera %20koa da, gutxi gorabehara. Beraz, tarifak %20 igotzea proposatzen dugu", gaineratu zuen alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!