"MMAan jiu-jitsu barik ez zoaz inora; funtsezkoa da"

Joseba Derteano 2024ko urr. 19a, 10:20

Arte Martzialak Jiu-jitsu brasildarra beste arte martzial batzuk baino berriagoa da eskualdean, baina izena hartzen dabil apurka. BSG Matiena taldeko Mikel Carracedo Lizundiak (Abadiño, 1993) klaseak ematen dizkie umeei eta nagusiei

Mikel Carracedori betidanik eman dio arreta jiu-jitsu brasildarrak, kickboxingean zentratuta zebilen sasoian ere bai. Aukera sortu zitzaionean, klaseak hartu eta espezialista bihurtu zen. Urteak daramatza lehiatzen, eta orain klaseak ematen hasi da, umeei zein nagusiei. 

Zer eskaintzen duzue jiu-jitsu brasildar klaseetan?
Nagusientzat astegun guztietako arratsaldeetan ditugu klaseak, eguenetan izan ezik. Umeei ere ematen dizkiegu klaseak; Durangoko San Jose Jesuitak ikastetxean astelehenetan eta barikuetan, eta Traña-Matienan martitzenetan. 

Zergaitik aukeratu behar genuke jiu-jitsua eta ez beste arte martzial bat?
Beste arte martzialekin alderatuta, jiu-jitsu brasildarrak nagusitasun argi eta frogatu bat du: Arte Martzial Mistoaren [MMA] hasierako etapan, jiu-jitsua egiten zutenak ziren borrokalaririk onenak. Orduan agerian geratu zen jiu-jitsua ez zekien batek oso txarto pasatzen zuela jiu-jitsua zekien baten aurka. Honegaz ez dut esan gura beste arte martzialak txarragoak direnik, baina datua esanguratsua da.

Gaur egun ere MMAko parte garrantzitsu izaten jarraitzen du?
Bai. Gaur egungo MMAn, jiu-jitsurik barik ez zoaz inora; funtsezkoa da. Han dabiltzan kirolari guztiak oso trebeak dira jiu-jitsuan. Gehienek gerriko beltza dute, edo gutxienez marroia. 

Eta umeekin zelan antolatzen dituzue klaseak?
Umeen kasuan, ondo pasatzea da garrantzitsuena. Jolasen bitartez, psikomotrizitatea, talde kohesioa eta balioak lantzen ditugu: besteekiko errespetua, elkartasuna…  

Zein da jiu-jitsu brasildarraren jatorria?
XXI. mende hasierakoa da. Japoniatik Brasilera joandako Mitsuyo Maedak judoa erakusten zion Brasilen bizi zen aristokrata familia bati. Familia horretako kide batzuk argalak eta txikiak ziren. Beraz, judoa familia horren beharrizanetara moldatu zuen, efizienteagoa izan zedin. Orduan jaio zen jiu-jitsu brasildarra.

Eta Durangaldean nor da aitzindaria?
Nire ustez, Pedro Barbosa brasildarra da aitzindaria. Bilbotik eskualdera etortzen zen lanera, eta orain hamarkada bat inguru jiu-jitsu klaseak ematen hasi zen Abadiñon. Ni kickboxingean nenbilen orduan, baina jiu-jitsuagazko interesa neukan, MMAn askotan aipatzen zutelako. Barbosaren berri izan nuenean, beragaz hasi nintzen. Gero Barbosa Londresera joan zen bizitzera, eta Durangoko lagun batek eta biok talde bat sortu genuen. Gerora, nik neure bidea hartu nuen. Beraz, jiu-jitsua kirol berria da eskualdean. Oraindino kirola ezagutarazteko fasean gaude, baina dagoeneko fruituak ematen dabilela ikusten dugu. Gugaz urtebete daramaten ikasleengan sekulako garapena ikusten dut eta horrek poz handia ematen dit.

Baina dagoeneko eman ditu kirolari azpimarragarriak, Eneko Diez abadiñarra esaterako. 2023an bosgarren geratu zen munduko txapelketan. Madrilen bizi da gaur egun. Mantentzen duzue hartu-emana?
Bai. Gure parte da eta izango da. Bere garaipenak geure sentitzen ditugu eta gure atea zabalik aurkituko du beti. Eneko nigaz hasi zen entrenatzen. Gerriko urdina atera zuenean, hemengoa txiki geratu zitzaion eta Madrilera joan zen bere garapenagaz jarraitzera. 

Zuk zeuk lehiatzen jarraitzen duzu?
Bai. Domekan Zamudioko txapelketa batean parte hartu nuen. Klaseak ematen hasita, ezin naiz neure prestaketa propioan hainbeste zentratu, baina pozik nabil, betiere inguruko txapelketetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!