Durangaldean arrotza den kirol mota bat hobeto ezagutzeko aukera egongo da asteburuan Abadiñon. Traña-Matienako kiroldegiak Raw Barbell Cup izeneko pisu altxaketa edo powerlifting txapelketa hartuko du asteburu osoan zehar, Sopelako Raw Barbell elkarteak antolatuta. Bizkaia osoan antolatzen dituzte txapelketak kirola ezagutarazteko, eta oraingoan Abadiñora etorriko dira.
Euskal Herriko pisu altxatzaileak ez ezik, asteburuko hitzorduak Errioxakoak, Burgoskoak, Soriakoak eta Segoviakoak ere batuko ditu. Emakumezko eta gizonezko kirolariak pisuaren arabera banaturiko mailetan lehiatuko dira egun osoan zehar; zapatuan 11:00etatik 13:30era eta 17:15etik 20:30era, eta domekan 11:00etatik 13:30era eta 14:30etik 17:00etara. Sarrera doakoa da.
Goi mailako partzaileak
Pisu altxatzaile batzuk goi mailakoak dira. Antolatzaileen esanetan, zapatu arratsaldeko jardunaldiak interes berezia du parte hartzaileen maila handiagaitik. Orduan izango da pisurik astuneneko kirolarien txanda. Denen artean, Jaime Santillana bilbotarraren izena nabarmendu daiteke. 2003an jaiotako gaztea munduko errekor baten jabe izan da orain gutxi arte: 2021ean, junior adina zuela, 273,5 kilo jaso zituen 93 kilora arteko kategorian, Suedian lehiatu zen Europako txapelketan. Espainiako errekorra oraindino berea da adin eta pisu horretan.
Durangaldeko parte hartzaile bi egongo dira: Eneko Iglesias durangarra eta Carlos Corcuera elorriarra. Biek 93 kilora arteko txapelketan parte hartuko dute. Biek domeka arratsaldean parte hartuko dute. Iglesiasek junior mailako Espainiako txapelketan parte hartu zuen.
Ekimenak esatariak izango ditu, publikoari bertan gertatzen denaren berri emateko. Alde batetik Dazn kateko esataria den David Sardinero eta bestetik Erholove John kirolaria. Azken honek junior mailako munduko txapelketa irabazi zuen 2023an.