Urriaren 19ra arte eskatu daitezke psikobonoak Abadiñon

Maialen Zuazubiskar 2024ko urr. 8a, 15:30

Edurne Maguregi, Mikel Urrutia eta Ainhoa Eguren Andres.

Psikologiako profesionalek ere urriaren 19ra arte izango dute aukera kanpainara atxikitzeko. Bonua eskuratzeko, baldintza batzuk bete beharko dira. Abadiñarrek 5 euro ordainduko dute bonu bakoitzagaitik, eta gainerako 60 euroak udalak.

Abadiñoko Udalak  Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialarekin elkarlanean 'psikobonoak' programa martxan jarri du. Udalak 166 bonu jarriko ditu herritarren eskura. Eta dagoeneko herritarrek bonuen eskaria egiteko aukera dute. Eskaerak abadiño.org webgunearen bitartez egin daitezke baita udal bulegoetan ere.

Edurne Maguregi alkateordeak jakitera eman duenez, programak bi helburu ditu: terapiarako sarbidea erraztea, bereziki pertsona ahulenei, eta herritarrak sentsibilizatzea buru osasunaren prebentzioak eta zaintzak duten garrantzia inguruan.  

Programa honetarako udalak 10.000 euro bideratuko ditu. "Badakigu ezingo diegula zerbitzua eman beharra duten herritar guztiei. Diru muga daukagu eta. Hala ere, ikusi gura dugu programak nolako erantzuna duen", azaldu du Mikel Urrutia alkateak. 

Bonoak ondorengo herritarrek eskuratu ahalko dituzte:

  • Urtean 20.500 euro baino gutxiagoko diru sarrera duten unitate bakarreko familiek
  • Urtean 26.500 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten bi unitateko familiek
  • Urtean 29.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten hiru kideko familiek
  • Urtean 31.500 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten lau laguneko familiek  

Bestalde, baldintzak betetzen dituen eskatzaileak lau bono eskuratzeko aukera izango duela jakitera eman dute, eta bonook lau hilabeteko epean erabili beharko direla. "Bonoak modu arduratsu batean eskuratzeko deia egiten dugu. Ez daiten bonoren bat erabili gabe gelditu", gaineratu du Maguregik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!