Aurtengo erosketa bonuen kanpaina azaroan ipiniko dute martxan Abadiñon. Baina, horren aurretik, komertzioen txanda izango da, saltokiek kanpainagaz bat egiteko momentua. Urriaren 15era arte izango dute kanpainara atxikitzeko aukera.
Udaletik jakinarazi dutenez, herriko dendekin elkarlanean lan egin dute aurtengo erosketa bonuen kanpainarako. "Kanpainak helburu nagusi bi ditu; alde batetik, tokiko merkataritza babesten du, establezimenduen arteko berdintasuna eta ekitatea bermatuz, eta, bestetik, kanpainak osagai sozial garrantzitsua du, abadiñarrik ahulenei laguntzera bideratuta dagoelako, bonuen onurak jaso ditzaten", adierazi du Edurne Maguregi sustapen ekonomikoko zinegotziak.