Udako denboraldia amaituta, Gartzen Elejabarrietak Mallorcan (Balelarrak) itsasoaz gozatzeko tartea hartuko du oporretan. Pirinioetako mendi eta arroilak eski estazioko pistengaitik aldatuko ditu neguan, pister lanei ekiteko —pistak zaintzen, segurtasuna bermatzen eta erreskateak egiten, behar izanez gero—.
Noiz erabaki zenuen mendi gidaria izatea? Nondik datorkizu zaletasuna?
Tena bailarara (Aragoiko Pirinioak) bizitzera etorri nintzenean, zenbait jardueratan trebatzeko aukera ikusi nuen. Arroila-jaitsierak egiteko ikastaro bategaz hasi nintzen, eta gauza batek bestera eraman ninduen. Beti izan dut gustuko mendia, eta inguru honetan bizi eta lan egiteko aukera ona ikusi nuen. Turismotik bizi gara hemen. Txikitatik joan naiz mendira, eta asko eskiatu dut. Mendian ibiltzeko, edurra gertuago edukitzeko... etorri nintzen, neurri batean.
Zer da mendi gidari izatetik gehien erakartzen zaituena?
Jendeagaz hartu-emana izatea, eta mendian egoteko aukera, jakina! Inguruko arroiletan ibiltzen gara beti, baina taldeak desberdinak izaten dira. Lan polita da.
Zer gura izaten dute bezeroek?
Uda sasoian arroiletan ibiltzen gara, batez ere. Ezagutza handirik izan barik ere, ia edonork egin dezakeen jarduera da. Mendi zeharkaldiren bat egitea edo tontorren bat igotzea ere eskatzen dute. Biescas inguruan eta Tenan bertan ibiltzen gara gehien. Inoiz Frantziako Pirinioetara joan izan gara, hango arroila batzuetara. Denboraldiz kanpora, udaberrian eta udazkenean, eskalada ikastaroak ematen ditut.
Zer behar da mendi gidaria izateko?
Jendeagaz disfrutatzea eta mendiaz gozatzen jakitea. Norberak gozatu ezean, gatx da gozamen hori transmititzea. Ditugun ezagupenak baliatuz gure pasioa transmititzea da gure lana, mendiaz gozaraztea. Horixe da nire helburua. Modu asko dago horretarako: arroilak jaisten, hormak eskalatzen, oinezean, arineketan...
Zer da ezinbestean kontuan hartu behar dena?
Talde batean, ausartagoak edo beldurtiagoak izan daitezke, eta bakoitzaren gogoa eta premiak ikusten jakin behar da, eta hori kontuan hartuta taldea ondo gidatzea lortu, denek goza dezaten jardueraz.
Izan duzun esperientziarik onena? Eta txarrena?
Dela adinagaitik dela egoera fisikoagaitik, euren burua gai ikusten ez duten horiek helburuak lortzen ikustea da onena, eta gozatu egin dutela ikustea. Ez dut esperientzia txarrik izan.
Zer da zuretzat mendia?
Urteetan aterpetxe izan dut, momentu on eta txarretan. Beti aisiaren zati handi bat izan da niretzat, eta orain ogibide dut. Nire bizitzaren zati handia hartzen du.
Mendiaz gozatzeko lekurik onena?
Hemen hainbat mendi dugu, edurra dugu... baina Abadiñon ere asko gozatzen dut. Asko maite ditut hango mendiak. Biak uztartzean dago gakoa.
Mendi bat?
Untzillatx. Asko gozatu dut han, lagunekin zein bakarrik.