Abadiñon 166 psikobono jarriko dituzte herritarren eskura

Anboto 2024ko ira. 25a, 13:53

Abadiñoko Udalak, Psikologia Elkargo Ofizialarekin elkarlanean 'Psikobonoak' programa pilotua jarri du martxan, "Zure buruko osasuna zaintzen baduzu, zure bizitza zaintzen duzu" lemapean. Abadiñoko Udaletik jakitera eman dutenez, EAEko bigarren herria dira bonu-kanpaina hau sustatzen.

Udalak psikologiako profesionalekin egingo diren saioetarako 166 bonu eskainiko ditu. 60 euroko diru-laguntza emango dute bonoko, eta herritarrak 5 euro ordaindu beharko ditu. Bakoitzak 4 bonu erosi ahal izango ditu eta 4 hilabeteko epean erabili beharko dira.

Udaletik jakitera eman dutenez programak bi helburu ditu: terapiarako sarbidea erraztea, bereziki pertsona ahulenei, eta herritarrak sentsibilizatzea buru osasunaren prebentzioak eta zaintzak duten garrantzia inguruan.

"Osasun mentalaren inguruko estereotipoak haustearen alde egiten dugu. Arazoa ikustarazi gura dugu, arduraz hitz egin horretaz, eta pertsona bakoitzak, bere adina edo egoera kontuan hartu barik, laguntza profesionala izan dezan sustatu. Terapiarako sarbidea normalizagu gura dugu, eta ziurtatu herritarrek bere osasun mentala zaintzeko behar dituzten baliabideak dituztela", azaldu du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Izen ematea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta udalaren webgunean argitaratu ondoren irekiko da, 15 egun naturaleko epearekin, eta herritarrei jakinarazpena bidaliko zaie. Psikobonoak udal bulegoetan eta HAZen eskatu ahal izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!