Abadiñoko Udalak zabaldu egin du 55 urtetik gorakoentzako gimnasia eskaintza, parte hartzaileen eskariari erantzuteko asmoz. Hori horrela, martitzenetan, beste ordu bat gehitu dute, 12:00etatik 13:00etara.
Bestalde, jakitera eman dute, plazak baino izen-emate gehiago dituzten taldeetan, zozketa publikoa egingo dela.
"Udalak kirolaren garrantzia nabarmendu gura du, adinekoen gizarte-ongizatea eta osasun integrala sustatzeko funtsezko tresna den aldetik. Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak egoera fisikoa eta mentala hobetzeaz gain, komunitate-loturak sortzen eta gizarte-harremanak indartzen laguntzen du, eta alderdi horiek funtsezkoak dira bizitza aktibo eta osoa izateko", azaldu du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.