Abadiñon azken hilabeteetan arazoak egon dira pediatria zerbitzuagaz. Joan zen urte bukaeratik, Traña-Matienako osasun zentroan pediatria zerbitzuaren hutsunea egon da. Ordutik, udalak hainbat bilera egin izan ditu Osakidetzarekin eta orain arteko soluzioa Traña-Matienako haurrak beste osasun zentro batzuetara bideratzea izan da. Egun, 0-6 urte bitarteko umeak Zelaietako zentrora bidaltzen dira eta 7-14 urte bitartekoak Zaldibarrera edo Elorriora.
Gaur, berriz, Abadiñoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman du Osakidetzaren eskutik jakin ahal izan duela Traña-Matienako osasun zentroak pediatria zerbitzua berreskuratuko duela. Udalaren hitzetan, urriaren erdialdean hasiko dira zerbitzua ematen. "Plaza hori hartu duen langileak egun duen lanaldia bukatutakoan".
Bestalde, udalak deitutako elkarretaratzeak behin-behinean bertan behera geratuko direla azaldu dute.