Abadiñoko Udalak ordainsaria kendu die errogatibako anderuei

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 3a, 17:16

Argazkia: Abadiñoko Udala

Gobernu taldeak ohar bidez azaldu duenez, orain arte, "1.050 euro" ordaintzen zitzaizkien San Rokeren irudia Andra Maritik Urkiolara eramateaz arduratzen ziren anderuei. EH Bilduk eta Abadiñoko Independente Berriek osaturiko gobernu taldeak gaineratu duenez, anderuei ez ordaintzeko ideia "aurreko legegintzaldikoa da".

Abadiñoko errogatiba berezia izan da aurten, erromesaldia santurik barik egin dutelako. Orain arte, urteetako ohitura izan da San Rokeren irudia Andra Mariko ermitatik Urkiolako santutegira sorbalda gainean igota garraiatzea. Talde bat arduratu izan da zeregin hori urtero-urtero egiteaz. Baina aurten ez dute santua Urkiolara eraman, udalaren berbetan, santua garraiatzeko "boluntarioak falta" izan direla-eta.

Gaur, Abadiñoko Udalak azken egunotan piztutako eztabaidari buruzko informazio gehiago eman du. Prentsara bidalitako informazioan adierazi dutenez, orain arte, udalak "1.050 euro" ordaintzen zizkien santua Andra Maritik Urkiolara garraiatzeaz arduratzen ziren anderuei (210 euro pertsonako). Baina udalak halako ordainsaririk ez banatzea erabaki du aurten. Are gehiago. Erabaki horren jatorria aurreko legegintzaldian kokatu du, "aurreko agintaldian, anderuei ez ordaintzeko ideia" jarri zuen-eta mahai gainean "orduko batzordeburuak, alkatetzan egon zen EAJ alderdikoa". Batzorde horretan ordainsaria kentzeko proposamena "aho batez" onartu zela azpimarratu du egungo gobernu taldeak.

Hala ere, uztailean, egungo gobernu taldeak aurreko urteetan harturiko "erabakia ez zela aurrera eraman" jakin du. "Gauzak horrela, uztailean bilera bat egin zen orain arteko anderuekin, joan zen agintaldiko erabakiaren berri emateko, eta aurrerantzean ordainketarik ez zela egongo adierazteko. Anderuek ingurukoekin hausnartuko zutela helarazi zioten udalari; beranduago ezezkoa eman zuten. Abuztu hasieran boluntarioak aurkitzeko deialdia egin zuen udalak, eta ohiko egitaraua mantendu du aurten ere", azaldu du udalak.

Eskerrak errogatiban parte hartu zutenei

Abadiñoko Udalak eskerrak eman dizkie Errogatiba egunean parte hartu zuten herritarrei. "Dantzariei eta txistulariei, eta urteko gainerako egunetan Abadiñon gozatzen ditugun ekitaldi askotan modu altruistan parte hartzen duzuenei. Tradiziozko egunak modu berezian bizitzeko nahiak eramaten gaitu gozamenera", adierazi dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!