Urkiolara errogatiba santurik barik egingo dute aurten

Anboto 2024ko abu. 27a, 16:56

Artxiboko irudia.

Zapatuan egingo dute errogatiba Urkiolara. "Bolondresik ez dagoenez" aurten santua ez dutela eramango jakitera eman du ohar bidez Abadiñoko Udalak. 

Abuztuaren 31n errogatiba eguna ospatuko dute Abadiñon. Orain arte, ohikoa izan da San Rokeren irudia Andra Mariko ermitatik Urkiolara errogatiban eramatea. Baina aurten ez da horrelakorik emango, aurten ez dute santua errogatiban eramango. “Erabaki zaila baina beharrezkoa izan da Abadiñon jaiegun honen jarraipena ziurtatzeko”, adierazi dute udal iturriek.

Bestalde, beste urte batez, herriko erretiratuentzat herri bazkaria antolatu dutela azaldu dute. Autobusa 10:20an aterako da Muntsaratzetik, Zelaietan eta Traña-Matienan geldialdiak egingo ditu.

”Gizarte Ongizate eta Kultura sailetatik, tradizio honen garrantzia nabarmendu nahi dugu, eta gure esker ona adierazi nahi diegu berau gauzatzen laguntzen duten pertsona guztiei. Espero dugu etorkizunean herriko pertsona gehiago animatzea boluntario gisa parte hartzeko”, esan du Edurne Maguregi alkateordeak.

 

EGITARAUA

  • 9:00 Ibilaldia Urkiolara, santurik barik 
  • Ohiko geldialdia Txakurzulon
  • 11:30 Meza. Ostean, alkohola banatu ordez, produktu ekologikoak banatuko dira.
  • 12:45 Dantza saioa, Talde Batuak eta Txanbolin
  • 14:00 Jubilatuentzako bazkaria (Urkiola)
  • Ostean, ohiko txitxarrilloa
  • 20:00 Gisatua (Txanporta plazan)
  • Erromeria: Lotxo taldea (Txanporta plazan)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!