Abadiñoko Udalak hiru proiektu gauzatu gura ditu abuztua eta iraila bitartean. Bat eginda dago honezkero, eta bigarren bat martxan dago. Asteon, Iturritxo kalearen hegoaldean ibilgailuentzat bi noranzkoko bidea egiteko lanak amaitu dituzte. Horrez gainera, trinketeko aparkalekuan ere aldaketak egiten hasi dira. Aparkalekuak eta sartu-irtenak berrantolatu eta oinezkoentzako zein ibilgailuentzako seinaleak eta pasabideak markatzen hasi dira. Irailean, Ferialekutik trinketerako bidean noranzko bi ahalbidetzea aurreikusi dute. Horren ondorioz, Solozabal kaleak Ferialeku plazarekin bat egiten duen tartea ibilgailuentzat zarratuta geratuko dela iragarri du udalak.
Herri galdeketan aurkeztu ziren beste bi proiektuei dagokienean, alde batetik, Zeletabe, segurtasun neurriak martxan jarrita, udazkenean zehar irekitzea dago aurreikusita. Bestetik, trafikoa barrualdetik errepide orokorrera bideratuko duen biribilgunea hurrengo fase batean egitea aurreikusten da. Udalak azaldu duenez, aldaketa hauek guztiek maiatzeko herri galdeketan izan ziren emaitzei erantzuten die.