Diru publikoarekin alkoholik ez erostea erabaki dute Abadiñon

Anboto 2024ko abu. 12a, 13:01

Urkiolarako Errogatiba egunean, udalak ardoa banatzeko ohitura izan du orain arte. Irudian, iazko errogatiba. ABADIÑOKO UDALA

Udalak Alkoholismoaren Prebentzioari Buruzko Ordenantza onartu du aho batez, EH Bilduren, EAJren, Abadiñoko Independente Berrien eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Beste herri askotan bezala, Abadiñoko jai ekitaldietan edari alkoholdunak banatzeko ohitura egon da urterik urte. Urkiolarako errogatiba egunean, adibidez, udal ordezkariek ardoa banatu izan diete erromesei, urtero-urtero. Traña-Matienako jaietako paella txapelketan ere, sagardo kupela ipintzea urteetako ohitura izan da. Honakook adibide bi baino ez dira, baina aurrerantzean, ez da halakorik ez bestelakorik egingo Abadiñon. Udalbatzak Alkoholismoaren Prebentzioari Buruzko Ordenantza sartu du indarrean, eta horrenbestez, udalak ez du edari alakoholdunik erosiko edo banatuko diru publikoa erabilita. Testu berria udalbatza osatzen duten talde guztiek onartu dute aho batez. EH Bilduk, EAJk, Abadiñoko Independente Berriek eta PSE-EEk.

Udalak ohar bidez azaldu duenez, ordenantza onartu berriak "alkoholaren sustapena, publizitatea, hornidura, salmenta eta kontsumoa kontrolatzeko, mugatzeko eta debekatzeko neurriak" ezartzen ditu, eta besteak beste "umeen eta gazteen prebentzioa" sustatu gura du.

Diru publikoagaz edari alkoholdunik ez erosteko neurriagaz batera, honako hauek ere bultzatuko dituztela aurreratu dute: gazteei begirako hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak, alkoholismoaren kontrako politikak eta informazio prestakuntza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!