Erakunde bien arteko elkarlana "bide onetik" doala adierazi du udalak, eta gaineratu du adinekoen egoitza "2026-2027 urteetarako egotea" espero duela. Era berean, instalazio horretan eguneko zentroa ipintzeko aukera planteatu dio udalak Aldundiari. Bere asmoa, egoitza Traña-Matienan edo Zelaietan kokatzea da, eta azken auzo honetan instalatzen bada, Ibargoiti jauregian ipintzea. Mikel Urrutia alkateak erakunde bien arteko elkarlana goraipatu du: "Garrantzitsua da bide berean lan egiten jarraitzea, herritarren ongizateari begira lanean ari baikarra".
Erakunde bietako ordezkariek amankomunean dituzten beste hainbat gairi buruz berba egin dute goiz honetan. Besteak beste honako hauei buruz: garraioa, errepideen segurtasuna, Urkiolako Parke Naturala eta finantzaketa gaiak. Adibidez, Gerediagatik Garaira doan errepideko segurtasuna eta Bilbo-Elorrio autobus lineari buruzko beharrizanak aletu dituzte. Azken honi dagokionez, Muntsaratzen geldialdi bat gehitzea, zapatu gauetan Durango-Elorrio zerbitzua jartzea eta aste bitartean 8:00etako zerbitzuan Muntsaratzetik eta Zelaietatik Traña-Matienako institutura joateko errefortzua jartzea eskatu du udalak. Parke Naturalari dagokionez, hitzarmena gainbegiratzea gura dute.
Durangon ere bai
Bestalde, Etxanobe Durangoko udal ordezkariekin ere batu da. Topaketan eskualdeko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko hainbat gai jorratu dituzte. Irisgarritasuna, mugikortasuna edo ingurumena, eta baita eskualdean gauzatuko diren foru-eskumeneko hainbat proiektu ere.