Bollera da bide bakarra edo Izan Kuir, Izan untsa zioten pankarta txikiak batetik, eta Lumak astinduz, Durangaldean Harro! zioen pankarta nagusia bestetik. Abadiñoko eta Durangoko LGTB komunitateko kideak Traña-Matienan manifestatu ziren atzo, Ekainaren 28ko aldarrikapenak kaleratzeko. Manifestazio bukaerako adierazpenean jakinarazi zutenez, "gauzak ez dira hainbeste aldatu" azken hamarkadetan, eta komunitateko hainbat kidek "oraindino ere kostata" izan dezakete "bizitza duin bat" eskualdeko herrietan. Euretariko asko oraindino "armairu barruan" bizi direla diote, "bizirik irauteko edo". Horrez gainera, hainbat dira "hirietara alde egiteko beharrizana" sentitzen dutenak. Hau da, komunitateko hainbat kide sexilio edo sexerbeste modura ezagutzen den hori egitera behartuta sentitzen dira oraindino ere: identitatea askatasun handiagoz bizi ahal izateko landa eremutik hiriguneetara alde egin behar izate horretara. Hori guztia dela eta, Durangaldea identitate guztientzako eremu bizigarri izan dadin aldarrikatu zuten.
Kritikak Israeli
Atzoko manifestazioan Israel ere seinalatu zuten. Izan ere, LGTB komunitateak urte ugari daramatza Israelgo estatuaren pinkwashing edo zuriketa arrosa salatzen. Hau da, Israeli LGTB komunitatearenak diren ikurrak eta banderak baliatzea egozten diote, horrekin estatuak nazioartean duen irudia garbitu, LGTB komunitatearekin abegikorra den irudi bat zabaldu baina bien bitartean palestinarren kontrako genozidioa gauzatzen duela iritzita. "Genozidioan harrotasunik ez" dagoela argitu zuten.
"Akelarrea", eguna bukatzeko
Manifestazioa bukatuta, afari merienda egin zuten Pinoko plazan. Gauean, berriz, Akelarre transmaribibolloa egin zuten Isiotu Kultur Elkartearen tabernan. Drama Darama musika jartzaileak eta karaokea izan zituzten, besteak beste.