Araudia moldatuta, Zeletabe kaletik beherako zirkulazioa berreskuratuko dute Abadiñon

Ekaitz Herrera 2024ko eka. 28a, 08:30

Udalak moldaketak egin ditu trafikoan. Ordutegiak zehaztu ditu Zeletabe kaletik beherako zirkulazioa arautzeko.

Abadiñoko udalbatzak trafikoa arautzeko ordenantza berritu du asteon egindako osoko bilkuran. Moldaketak herriko hiru kaleri eragingo die, eta, batez ere, Zelaietako Zeletabe kaleari. Azkenaldian, gidariek ez dute garai bateko Taberna Txiki tabernaren aurrealdetik (13. ataria) behera gidatzeko aukerarik izan. Bidea moztuta egon da. Baina aurrerantzean, udalak egindako moldaketari eskerrak, gidariek kalean behera egin ahal izango dute, Ibaizabal gaineko zubiraino ailegatuta. Hori bai, udalak ordutegi batzuk zehaztu ditu. Beheranzko zirkulazio hori moztuta egongo da honako ordutegi hauetan: 09:00etatik 10:00etara eta 12:45etik 18:00etara astelehenetik barikura; 12:00etatik aurrera zapatuetan, eta 9:00etatik 22:00etara domeka zein jaiegunetan. Era berean, udaletxera doan zubiko pasabidea erregulatu dute, orain arteko irizpideak mantenduta. Hau da, pasabidea oinezkoentzat baino ez da izango, baina zubiaz bestaldeko bizilagunek eta zerbitzuek ibilgailuan igaro ahal izango dute zubia. 

Azkenik, Traña-Matienako Txinurrisolo kalearen kasua dago. Udalak hainbat erabilera arau ezarri du orain dela aste gutxi oinezkoentzako gune legez moldaturiko eremu horretan. Zerga egoitza Txinurrisolo 1 eta 9 atarien artean dutenek zamalanak egiteko baino ezingo dute baliatu kalea. Gainera, zamalan txiki horiek ezingo dira ordutegi hauetan egin: astelehenetik barikura 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:30era, zapatuetan 12:00etatik 23:00etara, eta domeka eta jaiegunetan 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Kale zati horretan jarduera ekonomikoa duten komertzioekin loturiko zamalanak egiteko aukera egongo da, astelehenetik zapatura 09:00etatik 11:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!