Amiantoa erretiratu dute Zaldua errekatik, Abadiñon

Anboto 2024ko eka. 20a, 12:36

Udaletik jakinarazi dutenez, amiantodun elementuok Trañapadura kalearen pareko ibilgutik kendu dituzte, zehatz esanda, bertatik igarotzen den trenbidearen zubiaren azpiko tartetik. 

Abadiñoko Udalak garbiketa lan batzuk egin ditu Zaldua errekaren ibilguan, Traña-Matienan. Errekan pilatuta egondako amiantodun elementuak erretiratu eta baimendutako zabortegietara garraiatu dituzte. Udaletik jakinarazi dutenez, amiantodun elementuok Trañapadura kalearen pareko ibilgutik kendu dituzte, zehatz esanda, bertatik igarotzen den trenbidearen zubiaren azpiko tartetik. 

Udalak Cumenor enpresa espezializatua kontratatu du amiantoa kentzeko. Enpresa hori arduratu da materiala batu, gordailu berezietan sartu eta baimendutako hondakindegira eramateaz. Prozesua beharrezko segurtasun neurriak hartuta gauzatu dutela nabarmendu du udalak. Jarduketak 2.700 euroko kostua izan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!