Dena edo (ia dena) dago prest metal musikaren dezibeliorik gorgarrienek Abadiñoko institutuko instalazioak hartzeko. Kobalive jaialdia bere hirugarren ediziora iritsiko da datorren asteburuan, orain arteko ibilbidean salto kualitatiboa emanda. "Salto bat emateko une aproposa zela iritzi genion. Jaialdiak handitze bat behar zuen", adierazi du Sergio Correa Kobaliveko kideak. Jaialdiko antolatzaileek eta udal ordezkariek datorren astean egingo denaren xehetasunak eman dituzte arratsalde honetan.
Egun bakarreko jaialdia barik, aurtengoa egun bikoa izango da. Eta nazioartetik iritsitako taldeek aurreko edizioetan baino presentzia nabarmenagoa izango dute datorren asteko edizioan. Horien artean daude Dark Tranquility suediarrak, Skeletoon (Italia), Bloodred Hourglass (Finlandia), Crisix (Herrialde Katalanak), Darkembrace (Galizia) eta Metallium (Alemania). Azken talde honen musika jarduna etenda egon da azken hamarkada pasatxoan, baina taldea ostera ere batu da egurrean hasteko. Abadiñon bertan egingo dute itzulera birako lehenengo geldiunea. Gainerakoan, Rise to Fall talde bilbotarra eta eskualde honetakoak diren metal talde bi batuko dira eszenara: Sugoi (Elorrio) eta Alerta (Durango-Abadiño). Azken hauek ere badute euren anekdotatxoa. Izan ere, Alertako kideek datorren asteburuan eszenatoki izango duten hezkuntza zentro berean eskaini zuten haien lehenengotariko kontzertua, duela hamarkada bi baino gehiago, taldea oraindik Alerta Roja deitzen zenean.
Berritasunak eta sorpresak
Edariak eskatzeko txosna jai eremuan bertan egongo da, eszenatokiaren parean. Horrez gainera, hiru food truck arduratuko dira janaria eta kafea zerbitzatzeaz. Azken hauek kokaleku berria izango dute. Frontoiaren eta erabilera anitzeko pabilioiaren arteko eremuan egongo dira, "jan-edanaz trankil gozatu gura duenak lasaitasunerako eremu bat izan dezan". Iaz bezala, puntu more bat egongo da eta mugikortasun urriko herriatarrek jaialdiaz gozatzeko plataforma izango dute erabilgarri. Edozelan ere, Sergio Correak aurreratu du "sorpresak" ere egongo direla.
Jaialdiaz gozatzeko deia
Mikel Urrutia alkateak goraipatu egin du herriko bizilagun batzuek halako jaialdi bat musutruk eta era altruistan antolatzeko izan duten borondatea. "Urtean zehar eskaintza musikal zabala dago gure herrian, eta Kobalivek ekarpen positiboa egiten dio aniztasun horri, nazioarteko eta eskualdeko metal taldeak gurera ekarrita. Abadiño nazioartean ezagutzera emateko ere baliagarria da", azaldu du alkateak. Era berean, Urrutiak herritarrak deitu ditu jaialdira hurbildu eta gozatzera.
Kobalive jaialdirako sarrerak eta ordutegiak atari honetan eskuratu daitezke.