Urteroko hitzorduari eutsita, eguenean San Antonio eguneko feria egingo dute Urkiolako santutegiaren inguruan. Aurtengo azoka 30 bat nekazariren eta artisauren ekoizpenekin eta 130 bat abelbururekin osatuta egongo da. Besteak beste, gazta, eztia, ogia, berdurak, frutak, kontserbak, fruitu sikuak eta patea egongo dira eskuragarri. Abelburuen atalean, behi eta zaldi-aziendak egongo dira. Feria 10:00etatik 15:00etara egingo da. Animazioei dagokienez, trikitilariak eta bertsolariak egongo dira (Anjel Mari Peñagarikano eta Sustrai Colina azken hauei dagokienez).
Mikel Urrutia alkateak azpimarratu duenez, nekazaritza eta abeltzaintza azokak "funtsezkoak" dira lehen sektorearentzat. Era berean, "Urkiolako Parke Naturalaren edertasunaz gozatzera eta bertako ekoizleen lana sustatzera" deitu ditu herritarrak. Edurne Maguregi alkateordeak San Antonio egunak Abadiñon duen garrantzia azpimarratu du: "Historia eta tradizio handia dituen ospakizuna da, eta Urkiolan duen esparru paregabeari esker, gure tradizioak eta lurra maite dituzten guztientzat ezinbesteko hitzordua da".
'Errepetiziño egune'
Domekan, ekainaren 16an, zer ospatu gehiago egongo da Urkiolan, Errepetiziño Egune egingo dute eta. Baserriko produktuen azokak eta mezek egueneko ordutegiak errepikatuko dituzte. Horiei, herri kirolak gehituko zaizkie. Bertan izango dira Hodei Ezpeleta, Irati Astondoa, Malen Barrenetxea, ‘Bihurri’, Patricia Martin eta Karlos Aretxabaleta kirolariak.
Dantzari dagokionez, Berrizko San Lorentzo taldeko kideek emanaldia eskainiko dute. Erromeria, berriz, Aiko taldeak emango du. Animazioen artean Bizkaiko gaiteroak ere egongo dira.