Banarte antzerki taldeak bere azken antzezlana estreinatuko du, ekainaren 14an, 20:00etan, Errota kultur etxean. Mikel Areitioaurtena aktoreak gidatuta, hamar lagunek parte hartu dute aurtengo ikastaroan. Orain, ikasturte amaieran, azken hileetan egindako lanaren emaitza erakusteko unea heldu zaie. Ensayo general deitzen da lan berria, eta Vaya ruina de función pelikulan eta Por delante y por detrás antzezlanetan oinarritua dago. Umorezko antzezlan honetan, Banartek mundu bi batzen ditu: benetakoa eta birtuala. Antzezle talde batek estreinaldiaren aurreko entsegua egin behar du, baina, istripu baten ondorioz, ez dute obrarako atrezzorik, ezta eszenografiarik ere. Hortik aurrera, hainbat eszena barregarri gertatzen da, bata bestearen atzetik.
Bestalde, Banartek azaldu du aurten ez dutela ohiko Berrizko emanaldia egingo. "Azken udal hauteskundeen ondoren aldaketak egon dira", argitu dute. 2011tik orain arte egin dute emanaldi hori.