Juniorren Euskal Herria txapelketa Durangaldean amaituko da zapatuan, Urkiola mendateko igoeragaz

Anboto 2024ko eka. 7a, 18:00

Euskal Herriko txirrindulari juniorrik onenak batuko dituen lasterketa 15:00etan hasiko da Abadiñoko udaletxe parean.

Euskal Herria txapelketako bosgarren eta azken etapa Durangaldeko errepideetan lehiatuko dute, zapatuan. Eta ez du edozelako amaiera izango: Urkiola gainean du helmuga. Maila honetan Urkiola igotzen den lehenengo aldia dela jakinarazi dute Abadiñoko Udaletik, ohar batean. Ziklistak 87 kilometro eginda helduko dira Urkiola gainera. Lasterketa 15:00etan hasiko da, Abadiñoko udaletxe parean, eta Miotako itzulia hiru bider egingo dute, Mañarirantz eta Urkiolarantz jo aurretik. Etapa 17:30 inguruan amaituko dela aurreikusten dute Muntsaratz Txirrindulari Kirol Klubeko antolatzaileek.

Biharko hitzorduak Euskal Herriko ziklistarik eta talderik onenak batuko ditu. Euren artean, Unai Moran eta Kimetz Aranburu abadiñarrak egongo dira. 

Une honetan, AMPO taldeko Ander Otegi da sailkapeneko liderra (23 puntu), Invitec-Iturribero taldeko Haritza Allenderen (20) eta Baque taldeko Ruben Sanchezen (19) aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!