“Gai naiz Furiaren krisia alde batera utzi eta Mimosan lan egiten jarraitzeko”

Aritz Maldonado 2024ko mai. 30a, 14:00

La Furia rap abeslari nafarrak kontzertua emango du Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan, maiatzaren 30ean, 19:30ean. 

Krisi orokor betean egon arren, Nerea Lorón 'La Furia'-k, arrazoiak topatzen ditu musika berria kaleratzeko. Horrela, bere musika ibilbidearen hamargarren urtean, ziklo berri bati ekin dio. Zapatuan Santana 27 aretoan eman zenuen kontzertua, lokala jendez lepo zegoela.

Oso eskertuta nago Dr Deseori eta bere publikoari. Esperientzia modura, horrelako leku batean jotzea itzela da. Eta, gainera, nire ekipo osoagaz egin ahal izan nuen, eta asko gozatu nuen. Eguenean, bestalde, Gasteizen izan nintzen, Palestinaren aldeko kontzertu batean, Amparo Sanchezegaz (Amparanoia), Iskabilagaz eta Chiki Loragaz batera. Hor ere oso gustura izan nintzen, publikoaren jarrera oso aldekoa izan zelako. Doinu nahasketa horiek onerako edo txarrerako izan daitezke. Gerta daiteke diskurtso batere ez politizatua duten taldeek elkarregaz jotzen duten jaialdi bat egitea, musika desberdinak uztartuta. Bestalde, eduki politikoa duten punk, rock edo rap proposamenak daude, eta, hain zuzen ere, eduki politiko horrek batzen dituela uste dut. Beti ez dugu berdina entzun behar.

2024an ziklo berri bati ekin diozu. Zer moduz?

Nire ziklo berri honetan, planik ez dudala da berritasuna. Zalantzaz beterik nago, bai pertsonalki baita musika ibilbidean ere, ez dakit-eta industria honi lotuta jarraitu gura dudan. Baina, aldi berean, krisia ezkutatu barik, bere lekua ematen ari natzaio. Une konplexua bizitzen nabil. Alde batetik, honi ez diot zentzurik ikusten, baina, bestetik, sortzen jarraitzeko bulkada hori daukat. Horregaitik sortu zenuen Mimosa Bulegoa? Ez, hori lehenagotik dator. 2016an sortu nuen, oraindino horrela deitzen ez zen arren; Rebeca Lane lagun musikariari bira antolatu nion estatutik. Cata Garciagaz batu nintzen gero, eta hor ipini genion izena. Denbora asko eta lan eta ilusio handia eskaintzen dizkiogu proiektuari. Mimosa ez nuen sortu horregaitik, baina nigan dagoenez, lotura du. Hala ere, gai naiz Furiaren krisia alde batera utzi eta Mimosan lan egin ahal izateko. Gatx da honetan jardutea horrelako bizi-une batean, baina nire ardura hartzen dut, energia ekarpenean ipintzen, lan honegaz denontzako onurak topatzeko.

Zer garrantzia dute Amaraunen moduko guneek musikagintzan artistentzat?

Itzelak dira, ezin diogu utzi bertara jotzera joateari, edo ikusle modura joateari, han jende asko dagoelako musutruk lan egiten. Kontrakulturan indar eraldatzaile asko batzen da, eta horrelako guneak dira berau ahalbidetzen dutenak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!