Abadiñoko Udalak elkarretaratzera deitu du eguaztenero Traña-Matienan, azaroan kendu zuten pediatria zerbitzua berrezartzea exijitzeko Osakidetzari. Lehenengo elkarretaratzea ekainaren 5ean egingo dute, 18:30ean, 15 minutuz, osasun zentroaren aurreko plazan. Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, Osakidetzari kalitatezko zerbitzua exijitzeko eta familiei alferrikako joan-etorriak saihesteko mobilizatuko dira.
Murrizketak urteetan
Traña-Matienako pediatria zerbitzuaren gabeziek soka luzea ekarri dute. Orain urte batzuk Traña-Matienako pediatra jubilatu zenetik, Osakidetzak murriztu egin du zerbitzua, eta orain guztiz kendu du. Hasieran, beste pediatra batzuek zerbitzua eskaintzen zuten asteko egun jakin batzuetan. Iazko urte amaieran, zerbitzu hori guztiz kentzea erabaki zuten. Harrezkero, 0tik 6 urtera bitarteko umeak Zelaietako zentroan artatzen dituzte, eta 7tik 14 urtera bitartekoak Zaldibarren edo Elorrion. "Gure eskakizuna Traña-Matienan ere pediatria zerbitzua izatea da, familiek beti izan duten moduan, eta ezin dugu onartu zerbitzu hori izango ez duen etorkizuna betikotzea edo planteatzea. Osasun arloan kalitate handiagoko zerbitzurantz eman behar ditugu aurrerapausoak, eta ez alderantziz”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.