Mendiolako auzo eskola, mende bat auzotarren topaleku

Anboto 2024ko mai. 24a, 13:30

Bihar, maiatzak 25, Mendiolako auzo eskolaren mendeurren jaia ospatuko dute.

1923-1924 ikasturtean Mendiolako auzo eskola zabaldu zuten, Julene Azpeitia eta Feliziana Astorkia maistra zirela. Mendiolako eta inguruko auzoetako hainbat ikasle joan zen eskolara alfabetatzeko asmoz, 1987ra arte. Urte horretan bertan, 1987an, eskola zarratu egin zuten. Lehenengo eskola zaharrean Errekatxo elkartea dago gaur egun, eta mendiolarren elkargune izaten jarraitzen du. Errekatxo elkartea 1988an erregistratu zuten eta lehenengo batzar nagusia urte horretako maiatzean egin zuten. 

Mendeurren jaia
Auzo eskolako eraikina ikur garrantzitsua da Mendiolako auzotarrentzat, eta asteburu honetan eskolaren mendeurrena ospatuko dute, egun osoko egitarauagaz. Erakusketa bategaz emango diote hasiera egunari. 15 bat lagunez osaturiko talde eragile batek prestatu du erakusketa hau. Irailetik hona, astelehenero batu dira Errekatxo elkartean, argazki zaharrak bildu eta sailkatzeko.

12:00etan Mendiolako Alluitz Dantza Taldeak saioa egingo du, eta 12:30ean Errekatxo baten onduen dokumentala aurkeztuko dute. Dokumentala Markel Onaindia kazetariak egin du, Bideografik ekoiztetxeagaz batera. Guztira, 18 lagun elkarrizketatu dituzte, bakoitza eskolaren edo auzo elkartearen garai eta testuinguru batekoa. “Dokumental honegaz, eskola hau auzolanean egin zela erakutsi gura dugu, orain 100 urte egin zela, Mendiolako eta Sagastako baserrietako jendea alfabetatzeko. Eta gaur egun ere auzoaren elkargune lez jarraitzen duela, auzoarentzat zein herriarentzat ekintza kulturalak eta jaiak egiteko toki modura”, adierazi dute Errakatxoko kideek.

14:30ean bazkari herrikoia egingo dute, eta musikagaz eta kantuan emango diote amaiera mendeurren jaiari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!