Amaitu dira Durango eta Traña-Matiena arteko oinezkoentzako konexioa osoa ahalbidetuko duten obrak

Anboto 2024ko mai. 23a, 15:00

Lanek 149.159 euroko inbertsioa eskatu dute. 

Abadiñoko Udalak amaitu ditu joan den urtearen amaieratik Durangoko mugan egiten ari ziren eta hemendik aurrera bi udalerrien arteko oinezkoentzako konexio seguru eta osoa ahalbidetuko duten lanak.

Udaletik jakitera eman dutenez, Durangoko Udalak Abadiñoko mugaraino luzatu ditu Faustekaleko espaloiak, eta, horregatik, lanak jarduketa horretara egokitu behar izan dira Muruetan, oinezkoentzako ibilbideak ere indartuz, bi udalerrien arteko mugikortasunari jarraipena emateko. Urbanizazio proiektuak, gainera, Astolatik datorren eta Durangorekin lotzen den bidegorria egitea jasotzen zuen.

"Asko dira Durangora oinez doazen pertsonak, eta espaloirik gabeko tarte arriskutsu bat zegoen. Une honetan Durango eta Abadiño konektatuta daude, eta posible da oinez modu seguruan joatea", adierazi du Jose Luis Navarro hirigintza zinegotziak. 

Bestalde, Mikel Urrutia alkateak azpimarratu du, obrak egiteko norbanakoekin, enpresa eraikitzailearekin eta Durangoko eta Abadiñoko udalekin negoziazioak eta akordioak behar izan dira. "Lan eta akordio hauekin inguruko segurtasuna eta irisgarritasuna nabarmen hobetu dira, baita zerbitzuak ere. Horrela jarraitu behar dugu lanean", gaineratu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!