Txosnen kontra egindako erasoak eta lapurretak salatu dituzte Abadiñon

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 20a, 20:44

Lapurrak Txanporta plazako txosna bietan sartu dira bart. Traña-Matienako jaietan ere antzerako lapurretak izan ziren. Bost txosnetatik bitan sartu ziren lapurrak. Jai batzordeko kideek jaiak "modu desinteresatuan antolatzen dituzten eragileen kontrako eraso modura" ulertu dituzte gertaturikoak.

Abadiñoko jai batzordea osatzen duten kideek protestara irten dute arratsalde honetan. Bart eta duela aste batzuk herriko jaietako txosnaguneetan izandako lapurretak salatu dituzte. Udalerrian San Trokaz jaiak ospatzen dabiltza egunotan, eta Txanporta plazako biribilgunean txosna bi daude. Bada bart, lapurrak, establezimendu bietara sartu dira. Txosnetako eragileek jakinarazi dutenez, "ateetako sarrailak apurtu eta barruko materiala eraman dute txosnetatik, txosnak eurak hankaz gora utzita". Gutxienez ordenagailu bat eraman dute txosnetatik.

Horrez gainera, duela aste gutxi Traña-Matienako jaietan antzerako gorabeherak egon zirela gogoratu dute. Lapurrak auzoko txosnagunea osatzen zuten bost establezimenduetatik bitara sartu ziren. Euretariko batetik tabernan erabili ohi zen diru xehea eraman zuten, gutxienez. "Gu, jai batzordeko kideok, urte osoan zehar lanean ari garen taldeak gara, interes orokorraren alde, borondatez eta erabat modu desinteresatuan", argitu dute. Hori dela eta, "gaur goizaldean gertaturikoa moduko ekintzak herriko jaien eta horrek antolatzen parte hartzen dugun eragileon kontrako eraso bezala ulertzen ditugu. Gure herrian ez dute lekurik izango eta argi gera dadila halakorik gertatzen den bakoitzean erantzun egingo dugula", bukatu dute.

Errifa solidarioak

Lapurrek eragindako kalteei aurre egite aldera, txosnaguneko kideek herritarrek egindako dohaintzekin osaturiko otzara bat egingo dute zotz. Errifak Txanporta plazako txosna bietan ipiniko dituzte salgai. Zozketa domekan, hilaren 25ean egingo dute, Gerbasen agurrean.

Abadiñon Traña-Matienako jaiekin ekin zioten festa giroari. Asteburu bitan izan zituzten jaiak auzoan. Orain udalerriko jaiak ospatzen dabiltza Zelaietan, San Trokazak. Asteburu honetan izango dute festetako azken asteburua. Gerbas aireratuta, datorren urtera arte agurtuko dituzte jaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!