“Astxikiko gazteluaren arrasto apurrak ikertu eta egonkortu gura ditugu, behin betiko galdu ez daitezen”

Anboto 2024ko mai. 17a, 09:30

Iñaki Sagredo Garde (Irun, 1967) arkeologoak makina bat lan eta argitalpen egin du Nafarroako Erresuma zaintzeaz arduratzen ziren gazteluei buruz. Orain aste batzuk aurkeztu zuen Astxikiko gazteluaren errekreazioa jasotzen duen plataforma digitala, berak eta lantalde prestatu batek egindako ikerlana. Maiatzaren 23an horren guztiaren aurkezpen publikoa egingo du Abadiñon. Eta, aurrera begira, behar den moduko indusketa arkeologikoak egin gura ditu Astxikiko tontorrean. Hain zuzen ere, Nafarroako Erresuma defendatu zuten harkaitz-gazteluei buruzko doktore tesia egiten dabil Sagredo.

Astxikiko tontorrean gaztelu bat egon zela irudikatzea kostatu egiten da, baina halantxik da.
Bai, halantxik da. Ebidentziak hain daude hondatuta ze, han goian gaztelu bat egon zela pentsatzea kostatu egiten dela. Higadurak asko eragin du. Haitza kareharrizkoa da eta urak nabarmen eragin dio. Gainera, mendia Mendebaldera begira dago, Kantauri aldetik datozen fronteen pare-parean. Eta Astxiki igotzean ere igartzen duzu higadura hori. Igo ahala harriak maldan behera jausten dira. Horrek guzti horrek aztarnetan eragin du.

Eta oso aztarna gutxi izan arren, gaztelu oso bat goitik behera berregin duzue plataforma digital batean. Zelan kokatu duzue aztarna bakoitza?
Urteak daramatzagu honegaz. 2006an, Nafarroako Erresuma defendatu zuten gazteluei buruzko argitalpena egin genuen. Garai hartan autogiro bat erabilita hartu genituen gazteluen kokalekuen irudiak airetik. Gaur egun droneak ditugu, baina garai hartan horrela moldatzen ginen. Pentsa! Irunberritik irteten genuen hegan (Nafarroa ekialdea) eta erregai depositua hanka bien artean geneukala egiten genuen Bizkairako bidaia. Horixe zen irudiak hartzeko geneukan modua. Hona ailegatuta, Astxikiko tontorraren irudiak hartu genituen airetik, gazteluaren perspektibak zelakoak izan zitezkeen irudikatzeko. Gero tontorrera bertara joaten ginen, goialdeak dituen tontor bietara, azterketa fisikoak egitera. Tontor bien artean, beheragoko maila batean, ibar moduko bat dago. Han zegoen gazteluko ur-zuloa, teilatuetatik jausten zen euri ura batzen zuen ur biltegia. Eta, horrenbestez, ur depositua behean egoteak adierazten du goragoko mailetan dorreak eta etxebizitzak egon zirela. Horrez gainera, ur biltegiaren ondoan gazteluko sarrera zegoen. Gaur egun, oraindino ere geratzen da eskuz oso ondo landuriko harriren bat. Hegora begira dagoen tontorrean ebidentzia apur batzuk daude. Badira zimendatze zantzuak. Iparrera begira dagoen tontorrean, ostera, arrasto gutxiago dago. Harresia oso higatuta dago. Dena dela, eskuz landuriko harriak daude eta horietariko batzuetan argamasa arrastoak topatu izan ditugu. Gazteluaren arrasto gutxi geratzen da eta pena da oraindino ikusgai dauden gutxieneko arrastoak babesteko ezer ez egitea. 

Kokatu dezagun gaztelua kronologian. Zein denbora tartetan existitu zen?
Gaztelua, ziurrenik, XI. mendean eraiki zuten, eta XIII. mendearen erdialdera arte erabili zuten gutxi gorabehera. Badirudi ez zuela denboran askorik iraun. 1990eko hamarkadan egindako arkeologia indusketetan material gutxi agertu zen, eta hori, normalean, aktibitate edo okupazio maila baxu baten ezaugarri izaten da. 

Eta zer zaintzen zuen?
Arabako Lautada eta Durango lotzen zituen pasabide naturala, Urkiolako bidea. Hau guzti hau kronologian ulertzeko, 1179ra egin behar dugu atzera. Nafarroako eta Gaztelako erregeek erresuma bien arteko mugak ezartzeko ituna egin zuten urte hartan. Eta, adostu zutenez, Durangaldea Nafarroako Erresumaren zati izango zen, gaztelu bat izan ezik: Malvecingo gaztelua. Posible da Astxikikoa gaztelu hori berori izatea, baina oraindino ezin da baieztatu edo baztertu. Asko dago ikertzeko. Edozelan ere, jakina da hau biderik ohikoena zela Gasteiz eta Durango lotzeko, Erdi Aroan oso bide garrantzitsua izan zela. Eta erresuma bien arteko muga eremua zenez, Astxikin gaztelu bat izatea funtsezkoa zen. 

Garai hartan ohikoak ziren Astxikikoaren moduko gazteluak? Zeintzuk ezaugarri zituzten?
Astxikikoaren moduko gazteluak oso arruntak ziren XII. mende buelta horretan. Harkaitz-gaztelu deritze. Gaztelu txikiak ziren, goarnizio txikikoak. 8-10 bat soldadu egongo ziren bertan. Gutxiago beharbada. Eta euren lana inguruak zaintzea zen, erasoren baten berri eman beharko balitz. Komunikazio horiek soinu bidez egiten zituzten, adarrak edo bozina modukoak jota. Eta abisua zabaltzen zenean, behean, elizateetan zeudenek, kanpaiak jota ohartarazten zituzten herritarrak. Soinu bidezko komunikazioa zen ohikoena, ikusmenaren bitartez beti zelako gatxagoa, eguraldiaren arabera. Datua interesgarria da, gaztelutik egindako soinuak zazpi kilometrora entzun zitezkeelako. Elizateetatik entzuten zen eta horiek Durangalde osora pasatzen zuten erasoren bat zegoen abisua. 

Bestalde, badirudi Alluitz mendiko tontorrean egituraren bat zegoela Astxikiko gazteluari laguntzen ziona.
Astxikiko gazteluagaz loturiko eraikin bat egoteko zantzuak daude. Bertako arrastoetan Karbono-14 bidezko datazioak egin genituen, eta, emaitzak erakutsi zuenez, Alluitzeko eta Astxikiko egiturek antzinatasun bera dute. Emaitza biek denbora tarte bera hartzen dute, XII. mendetik XIII. menderakoa. Eta zer dagoen Alluitzeko tontorrean? Laukizuzen baten antzeko egitura bat, itxura guztien arabera geroagoko fase batean ermita bat izan zena. Aztertzea interesgarria litzatekeen ermita da, gaztelua kontrolatzen zuelako, hain zuzen ere. Modu batera ala bestera, defentsarako erabilitako egitura bat izan zen lehenengo, eta beste hainbat lekutan gertatzen den moduan, ermita bat izatera pasatu zen gero. Datu interesgarria da, ikertzen gabiltzana. Mugarri izaera zeukan ermita bat izan daiteke. Lur eremu bat mugatzen zuen ermita, bide batez haraino igotzen zirenei aterpea eskaintzen ziena.  

Orain 12 urte Abadiñon izan zinen berbaldi bat ematen. Nafarroako Erresumak inguruotan izan zezakeen 'Aylluzeam' tenentziari buruzko berbaldia izan zen, hain zuzen ere. Zertan da ikerketa hori?
Tenentzia bat gaztelu batek kontrolaturiko eremu, eskualde edo barruti bat da, gazteluaren izen bera izaten duena. Eta Astxikiko gazteluaren kasuan, oraindino ere argitu barik dagoen eztabaida piztu zen orain hainbat urte. Astxikiko toponimia zaharra aipatuta, Aylluzeam izeneko tenentziara zuzendu gaitezke, hain zuzen ere, izena Aizluzea edo Haitz luzea adieratik hartzen duen tenentziara. Posible da Astxikiko gaztelua Aylluzeam tenentzia izatea, baina badira aukera gehiago. Adibidez, Astxikikoa historiako arrastoak galduta dituen Malvecin tenentzia izatea. Batzuek Malmasin mendian kokatzen dute azken hau. Baina zalantza asko dago. Eta indusketa arkeologiko bat egin ezean ezingo da halakorik ziurtatu. 

Zer gehiago falta da ikertzeko?
Oraingoz ez daukagu arkeologia ikerketak egiteko baimenik. Aurrera begira esku hartzeren bat egiteko baimena ematea gura dugu. Eta bien bitartean ikerketagaz jarraituko dugu, guk eskura dugun tresneriagaz. Hau da, airetik argazkiak hartzen, tontor biak arakatzen. Eta errekreazio digitala egin dugunez, mendilerrora joateko aukerarik ez duenari aukera bat eskaini gura diogu ingurua behatzeko, bideak ikusteko. Horregaz jarraituko dugu. 

Bizkaiko Foru Aldundiari behin baino gehiagotan eskatu diozue baimena  indusketa arkeologikoak egiteko.
Ikerketa lana bertan egin gura dugu. Ni harkaitz-gazteluei buruzko doktore tesia egiten nabil eta azpimarra berezia egiten diot Nafarroako Erresumak aldi desberdinetan izan zuen defentsa sistemari. XII. mendeko Durangaldea aztertu dezakegu, baina XIII. mendean atzerago joango ginateke, erresumaren tamaina txikituz joan zen eta. Edozelan ere, gure motibazio bakarra ikerketa da, ez daukagu bestelako afanik. Jendeak bere lurraldeko historia ezagutzea da motibazio bakarra, ez dago interes politikorik. Izan ere, batzuetan badirudi halako beldur bat dagoela. Eta ez luke horrela izan behar. Arkeologoak gara, ikertzera mugatzen gara eta ez dugu ezelako banderarik ipintzen. Era berean, Foru Aldundiari eskaintza bat egin gura diot. Gazteluetako egituren gaur egungo egoera zelakoa den ikertu gura dugu, gero horiekin zer egin aztertzeko. Adibidez, Nafarroan, Astxikikoaren antzekoa den Untzueko Haitza deiturikoan, ikerlana egin dugu. Teknikariek eta boluntarioek esku hartu dute bertan. Eta gauza bera egin gura dugu Astxikin. Beharrezko araudia beteta, teknikarien esperientziagaz, oraindino bertan mantentzen diren arrasto apurrak egonkortu gura ditugu, betiko galdu ez daitezen. Horixe egin gura dugu. Durangaldearentzat oso inportantea delakoan nago. 

Maiatzaren 23an berbaldia emango duzu Abadiñon bertan.
Testuinguru historikoa eta errekreazio digitalaren nondik norakoak azalduko ditugu, ondorio horietara eta irudikapen horretara zelan heldu garen azalduta. Nitaz aparte lantalde oso bat dago: Rakel Sueskun, Jaime Lopez, Mikel Iriarte eta Aitor Ortiz. Lantalde oso bat dago errekreazio digitalaren atzean, dibulgazio lanak egitea helburu duena. 

Astxikiko gazteluaren errekreazioa.

Gazteluko harresiaren zimenduak hegoaldera begira dagoen tontorrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!