Gaur goizean, Abadiñoko Udalak galdeketako emaitzen berri eman du, eta adierazi dute Zelaietako mugikortasuna hobetzeko bost proposamenek dutela herritarren babesa. Herri kontsultan 653 pertsonak parte hartu dutela azaldu dute, eta, beraz, emaitza loteslea izango dela.
Herri galdeketaren emaitzak honako hauek izan dira: trinketeko aparkalekua berrantolatzeko proposamenak baiezko 529 boto jaso ditu; hau da, botoen %91,1 baiezkoak izan dira; Ferialekuan norabide bi baimentzeak baiezko 519 boto izan ditu; N-636 errepidean biribilgune berri bat ahalbidetzeak 429 baiezko boto; Iturritxo kaleko hegoaldean norabide bi baimentzeak 414; eta Zeletaben ordu batzuetan zirkulazioa baimentzeak 350.
Behin herritarren iritzia jasota, lan hauek martxan ipintzeko ordua da. Udaletik azaldu dutenez, bost proposamen hauetatik lauk inbertsio txikiagoa eskatzen dute, eta, beraz, urte honetan egitea espero dute. N-636 errepideko biribilgunea, ostera, geroago egingo dutela esan dute, 200.000 euro baino gehiagoko kostua suposatzen baitu. "Lanean jarraitzea tokatzen zaigu, abadiñarren bizi kalitatea hobetu dadin eta lan hauek lehenbailehen egin daitezen", adierazi du Edurne Maguregi alkateordeak.
Bestalde, Mikel Urrutia alkateak eskerrak eman gura izan dizkie herritarrei parte hartzearren. "Herritarren parte-hartzea eta inplikazioa eskertu gura ditugu. Hauxe izan da Abadiñon egin dugun lehenengo herri galdeketa, eta jendeak eman duen erantzuna ikusita gobernantza estilo zabalagoaren hasiera izatea espero dugu, herritarrei parte hartze zuzenagoa izateko tresnak eskainita", nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak.