Durangaldeko neskak nagusi Ubidestroi mendi lasterketan

Anboto 2024ko mai. 11a, 17:29

Ainara Arkarazo, Oihana Azkorbebeitia eta Maitane Arkarazo

Oihana Azkorbebeitiak irabazi du proba, Ainara Arkarazo sailkatu da bigarren, eta Maitane Arkarazo helmugaratu da hirugarren

Ubidestroi mendi lasterketaren hirugarren edizioak zapore gozoa utzi die Durangaldeko neskei, podiumera igo diren hirurak eskualdekoak dira eta. Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak irabazi du proba, aurtengo laugarrena, 3.20.09ko denboragaz. Lasterketa hasi eta atoan hartu du aurrea, eta helmugaraino eutsi dio lehenengo postuari. Ubideko plazan helmugaratuta, arantza txiki bat kendu duela adierazi du Azkorbebeitiak: "Iaz bertan behera utzi behar izan nuen proba, urdaileko arazoengaitik, eta ondo helmugaratzea izan dut helburu nagusi. Gainera, aurreko asteko Domusa Teknik lasterketan paliza handia hartu nuen, ez nago guztiz errekuperatuta, eta gaur txapelagaz, urretx makilagaz eta irabazteagaitik eman didaten gazta besapean hartuta pozarren noa etxera. Ezin dut gehiago eskatu".

Ainara Arkarazo korrikalari abadiñarra izan da gaurko beste protagonistetariko bat Ubidestroi lasterketan. Orain arteko hiru edizioetan parte hartu du eta hirugarren honetan lortu du bere emaitzarik onena proban. Ezagun du ondo hartuta diola neurria lasterketari. Bere denbora: 3.43.52.

Baina gaurko lasterketak eskualdeko hirugarren protagonista bat ere izan du: Arriandiko Maitane Arkarazo.  Ainara eta Maitane lehengusinak dira eta pozarren agertu dira biak. "Ilusio handia egiten digu podiuma konpartitzeak", esan dute. 3.48.03 izan da Maitanek behar izan duen denbora lasterketa amaitzeko.

Mutiletan Sestao taldeko Walter Becerra izan da garailea (2.34.55), Soronea Ammma taldeko Iñaki Olano sailkatu da bigarren (2.35.42), eta Arrolape taldeko Paul Ormaetxea hirugarren (2.38.25).

175 bat korrikalarik parte hartu dute, 09:00etan irtenda. Ubidestroi mendi lastertak 28 kilometro ditu, eta 2.000 metroko desnibel positiboa. Ibilbide gorabeheratsu horretan, korrikalariek mendi hauek igo behar izan dituzte: Harrikurutz (851 m), Oketa (1.031 m), Gorbeia (1.482 m), Aldamin (1.373 m), Arralde (945 m), eta Eneabe (782 m). Ibilbide gogorrari ez ezik, korrikalariek gaur egin duen bero handiari ere aurre egin behar izan diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!