Artolako lepoan Burdin Aroko herri harresiturik ote zegoen aztertuko du Aranzadik

Anboto 2024ko mai. 6a, 13:48

Artolako lepoa, ezkerraldean, Astxiki mendiaren eta Alluitz mendiaren artean.

Maiatzaren 11n, goizeko 11:00etan, Aranzadiko kideek ikerlanaren inguruko azalpen dibulgatiboa egingo dute Artolako lepora hurbiltzen direnentzat.

Eta Burdin Aroan, Astxiki eta Alluitz mendien artean, herrixka bat egon izan balitz? Bada, Aranzadik, galdera hori erantzuteko lanak egingo ditu zapatu honetan. Zientzia elkarteak miaketa lanak egingo ditu herrixka horren zantzu arkeologikorik agertzen ote den, eta kontserbatu litezkeen egiturak dokumentatzeko. Hipotesiaren oinarriak aspaldikoak dira. Blas Taracena eta Augusto Fernandez de Aviles arkeologoak izan ziren aukera hori mahai gainean ipintzen lehenak: harresien azpialdean kokatu ohi den lur zati aldapatsua identifikatu zuten, ezponda bat. Garai hartako zundaketek ez zuten herrixkaren emaitzarik azaleratu, baina Javier Gorrochategui eta Maria Jose Yarritu arkeologoek Burdin Aroko kastro modura identifikatu zuten ingurua, sasoi hartako herri harresitu modura. Gero, 1994an, Armando Llamosas eta Dona Gil arkeologoek kata bat egin zuten itxurako ezpondan, eta horrekin behin betiko utzi zen albo batera behinola Artolan Burdin Aroko herrixka egon ote zen hipotesia. 

Zalantzak 2014an sortu ziren berriro, Aranzadiko Pedro eta Mikel Argandoña anaiek lepo-ale bat, harrizko leuntzaile bat eta eskuz egindako zeramikak topatu zituztenean. Orain, Aranzadikoen ustez, "gutxieneko oinarria dago, ostera ere Artolan Burdin Aroko herri harresitu bat egon zela" proposatzeko. 

Lanak bisitatzeko aukera

Aranzadik zapatu honetan, maiatzaren 11n egingo du miaketa. Teknikari talde bat bertan egongo da lanean, hamabost pertsonek osaturiko boluntario talde batekin. Herritarrek lanak zer diren eta zelan egiten diren ezagutu ahalko dute bertatik bertara. 11:00etan azalpenak emango dituzte Artolan bertan.

Abadiñoko Alluitz Mendi taldeak Artolara joateko mendi irteera prestatu du. 10:00etan ekingo diote txangoari, Atxarteko ermitatik hasita. Deialdia irekia da eta ez da aldez aurretik izenik eman beharko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!