Gaur eguerdian Txanporta Kultur Etxean Astxikiko gazteluaren 3D errekreazioa aurkeztu dute. Iñaki Sagredo historialariak, lan talde baten laguntzagaz sortutako lana da. Urteetako lanaren ondoren, XII. mendean Astxikin zegoen gaztelua nolakoa zen erakutsi dute. Ikerketa lan honi duela 12 bat urte eman zioten hasiera eta bertan herriko hainbat kideek parte hartu dute, tartean, Mila Salterain eta Arrate Mardarasek. "Egun ebidentzia oso gutxi daude, beraz zaila izan da errekreazioa egitea. Aurkezten gabiltzana lan oso konpletoa da, baina oraindik badago lana egiteko", adierazi du Sagredok aurkezpenean.
Historialariak mezu argi bat helarazi du: "Arreta deitu nahi dugu, ondarea galdu ez dadin! "Momentu honetan, inguru horrek pena ematen du, harriak jausten daude. Beraz, beste behin, Bizkaiko Foru Aldundiari ikertzen uzteko eskatzen diogu. Behintzat Astxikin dagoen ondare apurra galdu ez dadin", gaineratu du. Bestalde, ikerketa Astxikin ez dela amaitzen esan du Sagredok. "Alluitzen ere beste gotorleku bat zegoela ikusi dugu eta hori ere ikertu nahi dugu", jarraitu du.
Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak, berriz, ikerketa honen garrantzia azpimarratu gura izan du. "Urte luzez hainbat jendek lan egin du ikerketa honetan eta hori azpimarratzekoa da. Era honetako ikerketak oso garrantzitsuak dira Abadiñorentzat. Gainera, beste ikerketa lerro bat ere zabaldu zaigu, Alluitzekoa", esan du Urrutiak.
Herrira begira
Urte guzti hauetan egindako lana herriari erakutsi asmoz, hainbat ekimen antolatuko dituzte Abadiñon. Maiatzaren 23an, eguena, 18:30ean herritarrentzako aurkezpena egingo dute Txanportan. Eta ekainaren 8an, zapatua, irteera antolatu dute Astxikira. Ostean, Mendiolan luntxa egongo da. "Gainera, herriko hainbat puntutan QR kodeak jarriko ditugu, eta herritarrak errekreaziora bideratuko ditugu. Agian Atxarten ere jarriko dugu bat", gehitu du alkateak.
Bestalde, herriko ikastetxeekin harremanetan daudela azaldu du Urrutiak, ikerketa lan hau nola zabaldu jakiteko. "Honekin gazteengana heldu nahi dugu, baita historia gustatzen ez zaien horiengana ere", gehitu du Sagredok.