San Prudentzio jaiak

Traña-Matienan dena prest dago Donien Atxa jaso eta jaiei hasiera emateko

Maialen Zuazubiskar 2024ko api. 26a, 13:58
2023ko argazkia.

Bihar eguerdian Donien Atxa jasota eta txosnagunean pregoia irakurrita emango diote hasiera abadiñarrek Traña-Matienako San Prudentzio jaiei.

Aurtengoa, gainera, hasiera berezia izango da. Normalean, iluntzean altxatzen dute jaiei hasiera ematen dien txopoa, baina aurten, zapatua izanda, eguerdian jasoko dute. Kuadrilla guztiak Trañako zubian batuko dira 10:00etan, Donien Atxa auzora eramateko, eta 12:00etan jasoko dute. Bestalde, txosnaguneko txupinazoa 13:00etan izango da. 

Jaietako lehenengo egunean mozorro eguna ospatuko dute eta herriko kuadrillak herri bazkarian batuko dira, Traña plazan. Gauean ikuskizun piro-musikala egongo da tren geltokiaren ondoan, eta Trikizio taldeagaz erromeria.

San Prudentzio egunean, apirilak 28, jolasak eta henna tailerra egongo dira haurrentzat. Baita Txiki Txef tailerra ere, Zigor Iturrietagaz. 16:00etan kadeteen mailako txirrindulari lasterketa jokatuko da. Eta 17:00etan tute txapelketa Taberna Zarrean eta San Prudentzio xake txapelketa Pino plazan. 

Arreta puntua
Bestalde, San Prudentzioetan lehenengoz, arreta puntua egongo da; Indarkeria matxistarik ez! lelopean, Traña-Matienako Udal Bulegoa zabalduko dute. Apirilaren 27an, maiatzaren 3an eta maiatzaren 4an egongo da zabalik herritarrak hartzeko, 22:00etatik 06:00etara. Horrez gainera, telefono zenbaki bat ere ipini dute: 662 326 118.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!