Nafarroako Erriberako hainbat errealitate erakusten duzu lan berrian. Isildutako errealitateak dira?
Ez dakit hain errealitate ezezagunak diren, Durangaldeko eta hemengo ikuspuntua desberdinak direlako. Neure kasuan, ez nituen ezagutzen hona etorri aurretik, aurreiritzi batzuk baino ez. Ez dut ahalegin kontziente bat egin ezkutuko istorioak ateratzeko; jornaleroen baldintzak oso prekarioak dira, emakume arrazalizatuak dira batez ere kontserbagintzan lan egiten dutenak... Ez dut ahalegin kontziente bat egin ezkutuko istorioak ateratzeko, baina hona etorri eta hori ez kontatzea ere... Uste dut distantziatik begiratzen diegula hemengoei, oso urrun sentitzen ditugulako, eta zeozeri distantziatik begiratzen diogunean exotizatzeko joera dago, onerako edo txarrerako. Paisaje multzo bat imajinatzen duzu, baina jendea hemen bizi egiten da, bere poz, maitemin, parranda, pena edo narrutaldiekin. Hartu-eman bollero bat bai, sartu dut, apurtzailea iruditzen zitzaidalako, eta memoria historikoa ere sartu dut, ezin baita ulertu Erribera memoria historiko barik. Zauriek bizi-bizirik jarraitzen dute.
Istorioetan oso presente daude mugak.
Proiektua beka deialdira aurkeztu nuenean obsesionatuta nengoen mugekin, muga kontzeptu zabal legez hartuta. Espainolez eta frantsesez desberdindu egiten dituzte frontera eta límite, baina euskaraz ez da hain agerikoa. Beka eman zidatenean pentsatu nuen Ipar Euskal Herrira bidaliko nindutela, baina hegoaldera bidali nindutenean poztu egin nintzen. Hemen oso presente dute muga, baina, aldi berean, elkarlana ere badago alde bietara. Anbiguotasunean jausteko beldur nintzen, denerako balio duenak ez duelako ezertarako ere balio, baina mugan kokatuta dagoen herri batek bere barruan zein muga dituen ikusi ahal izan dut, ez paisajistikoak edo territorialak bakarrik, baita euskararena, feminismoarena, klasearena edo beste batzuk ikusi ahal izan ditudalako.
"Herriak memoriaren eta haren ukapenaren artean banatzen dira, eta tartean indiferentzia dosi handi bat dago". Zure berbak dira.
Alde batetik, memoria aldarrikatzen dutenak daude; bestetik, kulpa historiko baten ondorioz memoria ukatzen dutenak daude. Eta gero, jende multzo bat dago, interes, ahal edo denadelakoarengaitik ez dena heltzen horra. Adibidez, migratzaile batzuk hor kokatu daitezke, beste lehentasun edo kezka batzuk dituztelako; transmisioa ere gatxa izan da kasu batzuetan, eta horregaitik geratzen da jende bat erdian. Ez dakit eskoletan zelan lantzen den gaia. Horri lotuta, epilogoan Amelia eta Benito agertzen dira, 70 urte bueltako bikote bat; Benitoren aitak Ameliaren aitita hil zuen gerran. Baina Benito eta Amelia memoriaren aldeko borrokalari bi dira. Egundoko istorioak dituen jendea dago hemen, eta jende batek borroka egiten du, eta beste batek pasa.
Irakurlea istorio horien lekuko izatera pasatzen da.
Nire inspirazioa jendea izan da gehien bat, elkartu naizen horiek. Gertatzen zenari adi egon naiz, gainera. Edozein ikerketarako baliagarria iruditzen zait hori, gertatzen denari adi egotea. Detaile horiekin lortzen duzu irakurlea istorioan sartzea.
Zer darama Ainhoa Urienek esperientzia honetatik?
Hango paisajeez maitemindu naiz, eta baita jendeaz eta bizimoduaz ere. Oso ondo hartu nauen jendea da, maitasun piloa jaso dut, eta ipuina ere haiei eskertza moduko bat da. Esperientzia honek Euskal Herriaren beste alde bat erakutsi dit. Konturatu naiz lehenengo sektorea oso prekarizatuta dagoela hemen ere, baina jende batek euskaragazko duen militantzia maila ere erakutsi dit; euskararen aldeko borroka grin hori piztu zaidala esango nuke. Euskal Herriko mapa mentala zabaldu dit, hemen ere topatu dudalako gugaz bat egiten duen herri bat, bizimodu desberdinak izan ditzakegun arren. Hegemoniatik kanpora dagoen Euskal Herri bat da. Eta, batez ere, lur usainagaz ere geratzen naiz.
Zelan inspiratu zara?
Sentsazio erreal batzuetatik sorturiko fikziozko istorioak dira. Kontatu ditudanak gertatu egin dira, baina fikzionatuta daude. Usainak, elkarrizketak, hartu-emanak... gertatu egin dira, errealak dira. Zeozerk paparrean eztanda egiten didanean idazten dut, inpultsotik; hainbat sentsaziok hori eragin didate, eta hori idatzi eta fikzionatu dut.