"Gure lanari eginiko aitortza bat da guretzat. Ematen du egiten gabiltzan lanak efektua izan duela nonbait, edo norbaitek behintzat ikusi duela gure lana. Beraz, hori pozgarria da", azaldu du Iñaki Antxia Axtxikiko kideak.
Pilota eskolakoek pregoia oraindino prestatu barik duten arren, argi dute denek parte hartuko dutela bertan. "Oraindino ez dugu ezer prestatu, badago denbora. Baina argi daukagu talde moduan zeozer egingo dugula, denok elkartuta", gaineratu du Antxiak.
Egun 60 bat pilotari dabiltza eskolan. 16 urtera arteko 40 bat ume daude, beste 9 neskak palan jokatzen dute, eta afizionatuetan zazpi gazte daude. Zazpi hauetariko gehienek trinketean jokatzen dute. Axtxikikiko kideak honako hau adierazi du taldearen osasunaren inguruan: "Bagoaz aurrera. Lehen ginenagaz alderatuta, ez du konparaziorik, baina ahaleginduko gara lan egiten, eta ea noraino heltzen garen. Ekimenak antolatzen jarraituko dugu eta ea horregaz herriko umeei pilotarako grina sorraratzen diegun". Bestalde, frontoiko eta pilota eskolako ateak gura duen edonorentzat zabalik daudela jakinarazi dute. "Ateak zabalik ditugu eta herriko umeei etortzeko deia egiten diegu. Gainera, giro euskaldunean egiten dugun kirola da. Beraz, animatu daitezela", gaineratu du Antxiak.