Zelaietako mugikortasunari buruzko herri galdeketa Abadiñon, maiatzaren 6tik 12ra

Maialen Zuazubiskar 2024ko api. 24a, 11:50

Herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete Abadiñoko Udaletik. Botoa honako leku eta egunetan eman ahal izango dira: maiatzaren 6tik 10era Traña-Matienako eta Zelaietako udal bulegoetan eta Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan, maiatzaren 11n Errota Kultur Etxean, eta hilaren 12an Txanportan. 

Maiatzaren 6tik 12ra bitartean, Abadiñoko herritarrek Zelaietako kaleetako mugikortasunari buruzko herri kontsultan parte hartzeko aukera izango dute, auzoan ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa zelan antolatu behar den zehazteko. "Herritarren parte-hartze zuzenaren bitartez, Abadiño hobetzeko ariketa demokratikoa izango da, eta, modu berean, parte-hartze sozialean, adostasunean eta gobernantza irekiaren estiloan sakontzeko tresna izango da. Udal gobernu honetatik, gobernatzeko beste estilo baten alde egingo dugu", adierazi du Mikel Urrutia alkateak.

Abadiñoko Udaletik jakinarazi dutenez, 16 urtetik gorako herritar guztiek bost proposamen hauen artean (bakoitzak gura beste proposamen) aukeratu dezakete: lehenengoa, N-636 errepidean biribilgune berri bat ahalbidetzea; bigarrena, Iturritxo kaleko hegoaldean norabide bi baimentzea; hirugarrena, Zeletaben ordu batzuetan zirkulazioa baimentzea; laugarrena, trinketeko aparkalekua berrantolatzea; eta azkena, ferialekuan norabide bi baimentzea

"Galdeketa hau oso garrantzitsua da herritar guztiontzat, eta, beraz, abadiñar guztiei dei egiten diegu bertan parte hartzera", adierazi du Edurne Maguregi alkateordeak. Galdeketa loteslea izateko, baldintza bi bete beharko dira: 16 urtetik gorako abadiñarren %10ek botoa ematea eta Zelaietan erroldaturiko 16 urtetik gorako %20k botoa ematea. "Herritarrek bost puntu hauen gaineko iritzia izango dute, baina ez da izango derrigorrezkoa, bozka bost puntuen gainean ematea. Bakoitzak gura beste aukeren gainean eman ahalko du. Hori bai, herritar guztiak animatu gura ditugu herri galdeketan parte hartzera, edozein dela ere abadiñarren hautua", nabarmendu du alkateak. 

Botoa honako leku eta egunetan eman ahal izango dira: maiatzaren 6tik 10era Traña-Matienako eta Zelaietako udal bulegoetan eta Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan, maiatzaren 11n Errota Kultur Etxean, eta hilaren 12an Txanportan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!