Igeriketa talde berri bat sortzeari ekin diote Abadiñon

Ekaitz Herrera 2024ko api. 23a, 08:30

Kirol talde berria herritarren aurrean aurkeztuko dute eguazten iluntzean. Ekitaldia Txanporta Kultur Etxean izango da, 19:00etan. 

Abadiñon igeriketa klub berri bat sortzeko pausoak ematen hasi dira. Eguazten honetan egingo dute kirol talde berriaren aurkezpen publikoa, Txanporta Kultur Etxean, 19:00etan. Han emango dute informazio guztia, eta umeek zein helduek, taldean inskribatzeko interesa dutenek, bertan bazkidetu ahalko dute.

Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, proiektu berria "duela lau urtera arte egon zenari tiraka" sortu dute. "Duela lau urtera arteko klubean 60-70 ume zeuden izena emanda. Oraingo honetan, aldiz, umeak eta helduak, biak, batu gura ditugu egitasmora. Baita behar bereziak izan ditzaketenak ere", azaldu dute. Aurreikuspenen arabera, maiatzean ekingo diote lanari, entrenamenduei, praktikatzeari, debalde. Gero, irailetik aurrera, era formalean ekingo diote, ikasturte berria hasten dela aprobetxatuta.

Izena ematen dutenek baldintza bi bete beharko dituzte. Batetik, Astolako igerilekuetan abonatuta egotea. Bestetik, umeek igeriketaren oinarriak menperatu beharko dituzte, "gutxi gorabehera luze bi jarraian igeri egiteko gaitasunarekin". Edozelan ere, izena ematen dutenek probak egin beharko dituzte, igeriketako zein mailatan kokatzen diren ikusi eta taldeak osatzeko. 

Klub berria sortu duten kideak lau dira, baina haien asmoa ahal bezainbeste bazkide batzea da. Batzarrera hurbiltzerik ez dutenek astolait@gmail.com helbide elektronikoan eskatu ahalko dute informazio gehiago.

Egitasmoaren bultzatzaileek udalak eskainitako laguntza azpimarratu dute.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!