Oihana Azkorbebeitiak garaipena eta errekorra Enkarterri Extreme ultratrailean

Anboto 2024ko api. 13a, 20:12

Gaurko garaipenagaz ultratrailen Euskal Herriko Kopako liderra da

Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalari abadiñarrak sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin ere. Zaramillo herrian izan da oraingoan, ultratrailen Euskal Herriko Koparako puntuagarria izan den lehenengo lasterketan hain zuzen ere: Enkarterri Extremen. 60 kilometroko proba izan da, 3.890 metroko desnibel positibokoa, eta Euskalmushing taldeko korrikalari abadiñarrak 7 ordu, 25 minutu eta 38 segundo behar izan ditu Zaramillon hasi eta Zaramillon bertan amaitu den ibilbidea osatzeko. Gainera, probako errekor berria ezarri du, aurrekoari ordu erdi baino gehiago janda. Leire Martinezena zen aurreko errekorra, 2022koa (7.59.39). Gaurko lasterketan Mayi Mujika urretxuarra sailkatu da bigarren, Azkorbebeitiarengandik minutu ingurura. 19. kilometroan 24 segundoko aldea ateratzen zion abadiñarrak, 31. kilometroan 10 segundokoa baino ez, eta gero minutu bitik gorakoa ere bai azken anoa gunean, 55. kilometroan, baina azkenean minutu bateko aldeagaz helmugaratu da Soronea Ammma taldeko urretxuarra. 7.26.41 izan da Mujikaren denbora, eta 8.42.26 hirugarren sailkatuarena, Amaya Larreategirena. Silvia Trigueros korrikalari abadiñarrak esku eskura izan du hirugarren postua, baina azkenengo kilometroetan aurreratu du Larreategik. 8.52.26 izan da Triguerosen denbora. Mutiletan Azkorbebeitiaren taldekidea den Joseba Eskudero idiazabaldarrak irabazi du ultratraila (6.13.06). 266 korrikalarik parte hartu dute proban, eta Gueñes, Zalla, Balmaseda, Galdames, Gordexola eta Alonsotegiko lurretan ibili dira ibilbidean zehar. 


Gaurko proba irabazita, Azkorbebeitia Euskal Herriko Kopako lider dago. Beste hiru proba falta dira Kopa amaitzeko: Domusa Teknik (maiatzak 4),  EH Mendi Erronka (ekainak 1), eta G2H (uztailak 12).

Erlantz Zaldunbidek podiuma maratoian
Ultratrailaz gainera, beste lasterketa bi jokatu dira Enkarterri Extreme Trail-en: maratoia eta maratoi erdia. 42 kilometroko lasterketan Erlantz Zaldunbide korrikalari  iurretarra hirugarren sailkatu da (4.52.12). Iurretarra bigarren zihoan azken anoa gunean, Raul Perez hirugarrena baino segundo gutxi batzuk aurrerago, baina azken hiru-lau kilometroetan Perezek aurreratu egin du eta bigarren helmugaratu da (4.51.29) Ekaitz Lejarzegik irabazi du maratoia (4.42.24).

Bestalde, 21 kilometroko maratoi erdian Leire Uribe otxandiarra zazpigarren sailkatu da (2.33.38). Larraitz Etxebestek irabazi du proba (2.20.19).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!