Abadiñoko Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Durango 1936 Kultur Elkarteak eta Gerediaga Elkarteak duela gutxi bultzatutako ikerketa batek erakusten du, "1936ko martxoaren 31ko bajen erregistroak lau pertsona identifikatzen ditu Abadiñoko bonbardaketan hildako gisa".
Jimi Jimenez historialariak egindako ikerketak Durangoko bonbardaketan hildako 213 laguni izen-abizenak jartzea lortu du. Eta udaletik azaldu dutenez, tartean daude Abadiñoko zeinbat lagun. "Abadiñoko bonbardaketan hildako gisa agertzen dira erregistroan Estéfana Aguirre Bikuña, Teodora Arieta-Araunabeña Maiztegi, Feliciana Arrieta Jainaga eta Antonio Garaigordobil Berizbeitia", jakitera eman dute.
"Badakigu urte horietan jazotako hainbat gertakariren inguruan ikerketak ari direla egiten, baina, egia esan, ez dugu gure udalarrian zentratutako ikerketarik, eta egin egin behar dugu", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Hori horrela, Durango 1936 elkartearekin eta Gerediagarekin ikerketa abian jartzeko aukerak aztertu dituztela, eta urte horietan gertatu ziren gertakariei eta gerrak Abadiñon utzi zituen biktimei buruzko dokumentazioa jasoko dutela esan dute.