Zelaietako mugikortasunaren inguruko herri galdeketa egingo dute maiatzean

Anboto 2024ko mar. 21a, 11:44

Partaidetza batzordeak antolaturiko prozesuko argazki bat.

Datorren maiatzaren 6tik 12ra bitartean, Zelaietako kaleetako mugikortasunari buruzko herri galdeketa egingo dute. Autoak eta oinezkoak auzoan nondik ibiliko diren zehaztea izango da galdeketaren helburua. 

Abadiñoko Udaletik jakinarazi dutenez, herri galdeketaren proposamena abadiñarren eskarietatik sortu zen: "Herritar askok jakinarazi zigun beharrezkoa zela kaleen antolaketa hobetzea". Horri erantzunez, udaleko partaidetza batzordeak prozesu bat hasi zuen herritarrekin batera, eta hainbat herritarrek parte hartu zuen bertan. 

Prozesu horretatik bost proposamen irten dira eta, udaletik azaldu dutenez, orain proposamen horien artean aukeratu ahal izango dute abadiñarrek. "Abadiñarren parte hartzeagaz herria hobetzeko ariketa bat izango da herri galdeketa. Baina, horrez gainera, gizartearen parte hartzea, adostasuna eta gobernu estilo zabal bat lantzeko tresna ere izango da", adierazi dute. 

Hori horrela, datorren asteetan informazio gehiago emango dutela jakinarazi dute, eta orduan azalduko dutela zer, noiz, zelan, zertarako eta gainerako guztiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!