Lau haizeetara entzungo dira euskararen aldeko oihuak, eta, beharbada, zaunkak ere bai. Txakurrekin lan egitera ohituta, herritarrei dei egin diete euren txakurrekin batera joateko. "Deigarria eta polita izan daitekeela uste dugu", dio Gure Kideko Uritz Alday Izagirrek. Gure Kidek Abadiñoko Traña-Matiena auzoan du klinika, baina oraindino ez dakite seguru euren kilometroa non den. Dakitenean, euren sare sozialetan —Facebook eta Instagram— iragarriko dute.
Euskaragazko konpromisoa
Gure Kidek euskaragaz duen konpromisoa ez da egun batera mugatzen. Euskara euren klinikako esparru guztietara zabaltzen ahalegintzen dira. "Webgunea euskaratu egin dugu eta sare sozialetan nahiz aurrez aurreko hartu-emanean gure lehenengo berba euskaraz izan dadila ahalegintzen gara", dio Aldayk. Aldayk ahal duen guztietan parte hartzen du Korrikan, eta lagunekin Korrikaren azken egunean helmugara joateko ohitura du. Aurten ere egingo dute ahalegina, Baionara oraingoan.