Laguntza Teknikoen Bankua (LTB) proiektua martxan jartzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Abadiñoko Udalak eta Bultzatu fundazioak. Besteak beste, mendekotasuna duten edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat gurpil-aulkiak, taka-takak, garabiak edo ohe artikulatuak mailegatzeko zerbitzu solidarioa da.
Hori horrela, beharra duten pertsonek Bultzaturen laguntza eskatu ahal izango dute udal-bulegoetan edo gizarte-laguntzailearen bitartez. Ondoren, fundazioa familiarekin harremanetan jarriko da ebaluazioa egiteko, eta hala badagokio, eskatutako laguntza emateko.
"Informazio-kanpaina bat egingo dugu, laguntza horiek eskatzen dituztenek eta haien familiek zerbitzua ezagutu dezaten. Gainera, behar duten pertsona guztiek eskuratu ahal izatea zainduko dugu, eta egoera zaurgarrian dauden edo baliabide mugatuak dituzten pertsonek ez dituzte ordainketa horiek egin beharko", azaldu du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.