Laguntza bonuak eskuragai, Lasterbideani babesa emateko

Maialen Zuazubiskar 2024ko ots. 23a, 09:40

Lasterketaren aurreko edizio bateko argazkia.

Lasterbidean egitasmoak, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimenak, Abadiñon lur hartuko du ekainaren 14an eta 15ean. Ekimen horri babesa emateko, hainbat ekintza antolatzen dabiltza Abadiñon, eta baita Durangaldean ere. Esaterako, "euskal errepresaliatuen aldeko" egitasmoa sustatzeko, laguntza bonuak kaleratu dituzte. Bonu hauek 10 euroko balioa dute eta Abadiñoko Abarkateruenean eta eskualdeko beste hainbat puntutan eskuratu daitezke. 

Bonu hauek erosten dituztenek abantailak izango dituztela jakinarazi dute ekimeneko antolatzaileek. Esaterako, Lasterbidean egitasmoaren barruan bertso saioa egingo dute martxoaren 16an, Errota Kultur Etxean, eta apirilaren 19an bakarrizketa saioa Probalekuan. Bonua erosten dutenek lehentasuna izango dute hitzordu horietarako, eurak trukatuta. Bonuak behin bakarrik trukatu ahal izango dira, herriko Mediatekan. 

Motorrak berotzeko antolaturiko lehenengo ekimena martxoaren 16an izango da, bertso saioa. 20:00etan izango da, Errota Kultur Etxean, eta Amets Arzallus, Oihana Bartra, Erika Lagoma, Sustrai Colina eta Bittor Altube bertsolariak arituko dira kantuan bertan. Itxaro Juaristi izango dute gai jartzaile. Saio honetarako bonuak dagoeneko trukatu daitezke. Bonurik ez daukanak martxoaren 6tik aurrera erosi ahal izango du sarrera, Errotan zein Mediatekan. 

Bakarrizketa saioa apirilaren 19an izango da, 19:30ean. Hauek izango dira umoregileak: Ana Goitia, Mirari Martiarena eta Ion Martinez ‘Txiki’. Saio honetarako bonuak ere trukatu daitezke dagoeneko, eta sarrerak otsailaren 23tik aurrera eskuratu ahalko dira. 

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute eskualderako ere prestatzen dabiltzala egitaraua. Hainbat ekimen egongo da Mañarian, Durangon, Iurretan, Atxondon, Zaldibarren eta Zornotzan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!